Itxi

Herriak eta Hiriak

Gastronomia

Eneko Atxak jatetxe berria inauguratu du Euskalduna Jauregian

agentziak | erredakzioa

Sukaldari bizkaitarraren establezimendu berrian, harreman interaktiboa sustatuko da langileen eta bezeroen artean, besteak beste, jakiak, kafeak eta koktelak aurrez aurre prestatuta.

  • Eneko Atxa Euskalduna Jauregiko jatetxean bere lankideekin batera. Argazkia: EFE.

    Eneko Atxa Euskalduna Jauregiko jatetxean bere lankideekin batera. Argazkia: EFE.

Eneko Atxa sukaldariak beste jatetxe bat inauguratu du, Euskalduna Jauregiko hirugarren solairuan. Lokal berrian, bezeroaren eskaerara egokitzeko asmoa du lau izar Michelin dituen sukaldariak, eta, horrela, kartan "ahaztutako" jakiak, tradizionalak eta bestelakoak gehituko ditu.

Atxak adierazi duenez, “parte-hartzaileak izan nahi dugu”. Horretarako, jatetxeko langileek belarriak tente izango dituzte bezeroari entzuteko eta haren nahietara moldatzeko. Halaber, “gastronomia zuzenean” eskainiko dute, bezeroekin konektatuz, eta langileek haien aurrean prestatuko dituzte janariak, kafeak eta koktelak.

Eneko Bilbao izena jarri diote jatetxeari. Bertan, eskaintza gastronomikoak karta klasikoa eta dastatzeko bi menu uztartzen ditu. Eskaintza hori bizkaitar jaki tradizionaletan oinarritzen da, eta “zuzenean” eta “dotore” aurkeztuko dira, sukaldariaren arabera. Era berean, bezeroak plater tradizionalak, garaikideak eta mokaduak jan ahalko ditu, eta prezioak “oso lehiakorrak” izango dira.

Sukaldari bizkaitarraren ustez, Bilboko lokal berria “apustu segurua” da, jatetxeko lantaldea esperientzia handia duten eta Eneko Atxarekin lanean aspalditik dabiltzan 15 profesionalek osatzen baitute.