Itxi

Herriak eta Hiriak

donostia

Etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko ordenantza onartu du Donostiako Udalak

EITB.EUS

EAJk eta PSE-EEk ordenantzaren alde bozkatu dute, eta EH Bilduk, Irabazik eta PPk kontra.

  • Donostiako Udala, gaur. Argazkia: Donostiako Udala.

    Donostiako Udala, gaur. Argazkia: Donostiako Udala.

Etxebizitza turistikoaren erabilera arautzen duen Udal Ordenantza onartu du Donostiako Udalak gaur goizean, ezohiko udalbatzarrean.  Ohiko etxebizitzako logelak erabilera turistikorako alokatzeko baldintzak ere jasotzen dira araudi berrian. EAJk eta PSE-EEk ordenantzaren alde bozkatu dute, eta  EH Bilduk, Irabazik eta PPk kontra.

Eneko Goia Donostiako alkateak esan duenez, "ordenantza lan sakonaren ondorioa" da eta "duela ez asko sortutako fenomeno bati erantzuna ematen dio". "Ordenantzak oreka mantentzen du, eta etxebizitzak bizitoki izatea bermatzen du, baina era berean, egun dagoen eskaera bati erantzuna ematen dio", esan du Goiak.

Etxebizitza turistikoen eskaintzari "jarraipena eta kontrola" egiteko, Udala "lan handia" egiten ari dela esan du alkateak. "Garrantzitsua da arauak betetzeko baliabide nahikoak izatea eta, egun, baliabideak lanean ditugu indarrean dagoen araudia betearazteko, eta hala jarraituko dute ordenantza berria betearazteko. Etxebizitza turistikoek modu zentzuzkoan eta jasangarrian elkar-bizi behar dute hiri batean", esan du.

Besteak beste, eraikin bakoitzeko etxebizitza turistiko kopurua, bizigarritasun baldintzak, etxebizitzaren okupazio baldintzak eta gutxieneko metro karratuak zehazten ditu ordenantzak.

Araudi berriak ez du baimentzen babes ofizialeko etxebitzitzei erabilera turistikoa ematea, eta Donostiako Alde Zaharra "gune-asea" izendatzen du, bigarren gunea mugatzen du, eta hiriko beste hainbat auzotan etxebizitza turistikoak egotea baimentzen du.

Protestak

Hainbat herritar udal bilkuran izan dira, euren haserrea erakusteko. Ez datoz bat Udalak onartu duen ordenantzarekin, herritarren "bizi kalitatea" okertuko dela irizten baitiote.

Udalbatzaren ordu berean, Udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin ondoren, Parte Zaharrean Bizi, Izbe Intxaurrondo eta Kaleratzeak Stop elkarteetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute, “aurkeztutako alegazio bakar bate ere onartu ez” dela deitoratzeko.

Oposizioa

Bestalde, Udaleko oposizioaren talde politikoak ordenantzaren aurka agertu dira.

Zentzu horretan, ordenantza berria onartzeko orduan Udal Gobernuaren “bakardadea” azpimarratu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Burutaranen hitzetan, “hiriaren gai bat izan beharko luke; babes politikoaz gain, gizarte eragileek parte hartu behar zuten ordenantza egiteko orduan, ez bat ez bestea”.

Ordenantza berriak “etxebizitza turistikoen segurtasun juridiko eza” indartzen duela salatu du Miren Albistur PPko bozeramaileak. Albisturren ahotan, “abagunea zakarrontzira bota dute, eta donostiar guztiek garesti ordainduko dugu”.

Azkenik, Irabazi Donostiak adierazi duenez, onartutako araudia “ez dute etxebizitza babesteko pentsatu, negozio turistikoa laguntzeko baizik”. “Etxe turistikoen alokairu enpresei mesede egingo die, eta bizitzeko etxebizitzak kendu”, kritikatu du.