Herriak eta Hiriak
Martxoak 3
Emakumeen kolektiboak izango dira protagonista Gasteizen Martxoaren 3ko ekitaldietan
Agentziak | Erredakzioa
Aurten 42 urte beteko dira poliziak karga batean Gasteizen 5 langile hil zituenez gero.
-
Martxoaren 3ko 40. urteurrenean egindako manifestazioaren artxiboko argazkia. EFE
Urtero Martxoaren 3ko omenaldiak antolatzen dituzten Biktimen Elkarteak eta sindikatuek Gasteizko emakumeen kolektiboei eman diete protagonismoa poliziaren karga batean bost langile hil zituztela 42 urte bete direla aldarrikatzeko aurreikusitako ekitaldietan.
Andere Arriolabengoa eta Maitane Cuesta elkarteko bozeramaileek azaldu dutenez, manifestazioaren buruko pankarta ez du ez elkarteak ez sindikatuek sinatuko, eta antolakuntza sindikaletako eta gizarte mugimenduetako kide diren emakumeek eramango dute.
Cuestaren arabera, “mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako mobilizazioei eta ekintzei babesa adierazteko” hartu dute erabakia. Ondoren argitu duenez, pankarta nagusiaren atzetik biktimen elkarteak beste pankarta bat eramango du, eta azkenik, LGTBI eta transexualen kolektiboetako emakumeek beste hirugarren bat erakutsiko dute.
Ama Zuriaren plazan amaituko da manifestazioa, eta antolatzaileek Gasteizko mugimendu feministari emango diote hitza, gasteiztarrei haien mezua helarazteko.
Martxa abiatu aurretik, omenaldia egingo dute Zaramaga auzoan, Martxoaren 3ko erailketak gertatu ziren tokian. Hainbat agiri irakurtzeaz gain, lore-eskaintza egingo dute.