Itxi

Herriak eta Hiriak

BILBOKO ASTE NAGUSIA 2017

Festetan sexu-erasoen aurkako neurriak indartuko ditu Bilboko Udalak

EITB.EUS

Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean arituko dira, sexu-erasoen aurka egiteko. Udaletik esan dutenez, herritar guztiek jaiak berdintasunean gozatzeko erantzukizuna gizarte osoarena da.

1:29

Aste Nagusiko segurtasun operatiboa aurkeztu du gaur goizean Bilboko Udalak. Festetan eraso sexistarik ez egotea da helburuetako bat, eta, hori dela eta, indartu egingo dute eraso matxisten kontrako operatiboa, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean. Kalez jantzitako polizia agenteen kopurua handituko du Udalak, baina herritar guztiek jaiak berdintasunean gozatzeko erantzukizuna gizarte osoarena dela nabarmendu dute goizeko aurkezpenean.

Adolfo Alustiza Bilboko Udaltzaingoaren zuzendariak eman ditu, hedabideen aurrean, segurtasun operatiboaren xehetasunak, hainbat udal ordezkarik lagunduta. Bederatzi egunetan milioi eta erdi pertsona hartzea aurreikusi dute Bilbon, eta horien guztien segurtasuna bermatzea da operatiboaren xede nagusia.

Bihar hasiko dira trafikoari dagozkion neurriak hartzen. Festagunera edariak edota bestelako materiala garraiatuko duten ibilgailuen sarrera-irteerak errazteko, zenbait neurri hartuko dira trafikoan.

Jaietan, ohi bezala, Areatza guztiz itxita izango dute ibilgailuek, eta aldaketa handiak izango dira zirkulazioan eta garraio publikoetan.

Alkoholemia eta droga kontrolak

Udaletik jakitera eman dutenez, alkohol eta droga kontrolak areagotu egingo dituzte, gidarien artean. Orotara, 23 kontrol jarriko dituzte, hiri barruko 18 lekutan. Ertzaintzak,  hiriko sarrera-irteeretan ere kontrolak areagotu egingo ditu.

Galdutako objektuak herritarrek berreskuratzeko zerbitzu berezi bat ere jarriko dute jaietan. Aurtengo nobedadeetako bat izango da hori. Objektu horiek jabeei ahalik eta azkarren itzultzea da helburua.

Bestalde, Abandoko geltokiaren atzealdean osasun larrialdiak artatzeko gunea jarriko dute. Kontzertuak eta barrakak egongo diren lekuetan ere, anbulantziak eta osasun-langileak egongo dira, herritarren zerbitzura.

Aurreko urteetan bezala, su artifizialek jendetza batzea espero dute udal ordezkariek. Iaz, esaterako, 100.000 ikusle batu zituzten. Udaletik esan dutenez, suak ikusteko tokirik txarrenak eta arriskutsuenak zubiak dira.

Goizero, hiria garbi egoteko, baliabide gehiago, % 40 gehiago, bideratuko dituzte. Soilik jaigunera 264 zabor-biltzaile eta 117 ibilgailu eramango ditu BilbaoGarbik. Dena dela, hiria garbi mantentzeko, hiritarren laguntza eskatu dute, batez ere txupinazoan.