Bilboko Aste Nagusia
Abuztuaren 20tik 28ra
Patxo Telleriak dio pregoilari izatea “seme bat izatea” bezala dela
Agentziak | Erredakzioa
Era berean, aurtengo pregoia "laburra, originala, dibertigarria eta elebiduna" izan dadin ahaleginduko dela esan du Aste Nagusiko pregoilariak.
Patxo Telleria aktore bilbotarra izango da 2016ko Bilboko Aste Nagusiaren pregoilaria, eta, berak esan duenez, kargu hori “seme bat izatea bezala da, bizitza aldatu egiten da”. Astearte honetan, abuztuak 9, aurkeztu dituzte Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera. Bilboko Aste Nagusia datorren abuztuaren 20an hasi eta 28an bukatuko da.
Alde horretatik, aktore, gidoilari eta zuzendari bilbotarrak azaldu du inoiz ez duela pentsatu Aste Nagusiko pregoilaria izan zitekeenik, bera “oso ameslaria” dela ziurtatu duen arren.
Era berean, bere pregoia “laburra, originala, dibertigarria eta elebiduna” izan dadin ahaleginduko dela esan du Telleriak. Halaber, pregoilari izatea berarentzat ohore handia dela baieztatu du.
Beste alde batetik, Gisele Felli Gorritxo, Komantxe konpartsako kidea eta aurtengo Aste Nagusiko txupinera, jaiak “errespetuz” ospatzeko eta erasorik ez egoteko eskaera egin du. Alde horretatik, “zoritxarrez jai guztietan izaten diren eraso sexisten kontra” jartzeko deia egin du.
Aurreko urteetan bezala, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko jaietako zinegotziak txupinazoa “garbia” izan dadin eskatu die herritarrei, eta irina edo arrautzak alde batera uzteko esan du.
uzteko esan du.