Itxi

Bilbo

MEMORIA HISTORIKOA

Azkenean PPk ez du eskatuko Sabino Arana kale-izendegitik kentzea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Proposamenak sortutako erreakzio "sutsuak" ikusi eta gero erabaki du PPk mozioa kentzea.

  • Sabino Arana etorbidea, Bilbao. EiTB.

    Sabino Arana etorbidea, Bilbao. EiTB.

PPk atzera egin du, eta azkenean ez du eskatuko Sabino Arana EAJren sortzailearen izena; Dolores Ibarruri, Pasionaria, buruzagi komunista historikoarena; eta Tomas de Zumalacarregui general karlistarena Bilboko kale-izendegitik kentzea.

Luis Eguiliz bozeramaileak azaldu duenez, hori eskatzeko mozioa kendu egin dute, sortutako erreakzio "sutsuak" ikusi eta gero.

"Helburua zen udal gobernuak (EAJ-PSE) Memoria Historikoarekin ez jolastea eta saihestea gai horrek erabilera sektarioa pairatzea; baina ondorioak ez dira izan esperotakoak", gaineratu du.

Mozioa urtarrilaren 26an eztabaidatuko zuen Bilboko Udalbatzak. Bertan,  Memoria Historikoaren Legea "zorrotz" betetzeko eta "Bilboko kale-izendegian lekurik merezi ez dutenak bertatik errretiratzeko" eskatzen zioten Juan Mari Aburto alkateari.

PPren iritzian, Memoria Historikoaren Legea  "zorrotz betetzea" exijitzen den garaiotan, "ez da logikoa" Bilboko kale-izendegian Arana, Ibarruri eta Zumalacarregui agertzea.

Dolores Ibarruri komunistak "Stalin odoltsua babestu" zuela adierazi du Eguiluzek. Zumalacarregui generalak, berriz, "Bilbo bonbardatu eta setiatu" zuela esan du, eta Sabino Aranaren "ideal abertzale-arrazistek ETA bezalako talde terroristak sortzea ahalbidetu" zutela gaineratu du.

Hori dela eta, hiru izenok kendu eta kale horiei "izaera ekumenikoagoa" duten izenak jartzeko eskatu diote popularrek Aburtori.

EAJk lotsagarritzat jo du PPren proposamena

Bestalde, Koldo Mediavilla EAJren arduradun instituzionalak esan du Alderdi Popularraren proposamena "lotsagabekeria historikoa" dela.

Mediavillak ondokoa idatzi du bere blogean: "Ez da inozentada bat. Sinatzaileen eskarniorako adierazpen publiko bat da. PPk berriro harritu gaitu, memoria historikoaren izenean, bere memoria partikularraren izenean".

"Hau guztia ez da txantxa bat, ez da interpretazio oker bat. Lotsagabekeria bat da. Hitz guztiak sobran daude. Memoria historikoa? Lotsagabekeria historikoa esango nik", erantsi du.

EH Bilduk ere gogor kritikatu du Alderdi Popularraren eskaera. Aitziber Ibaigarriaga zinegotziak bat egiteko deia luzatu die gainerako udal taldeei, Bilboko PPren “muturreko jarrera ultren aurrean”.

"PPren aurrekoek ezabatu zuten jada Sabino Aranaren izena kale-izendegitik, 1937an Bilbo konkistatu zutenean", gogoratu dio EH Bilduren hautetsiak PPri.

"Milaka eta milaka herritarren oroimenari irain egiteaz gain, Bilboko PPk agerian utzi du bere benetako izaera, eskuin-muturreko alderdien antzekoa, faxista, Europan faxismoak eragindako izugarrikerien ukatzailea", azpimarratu du.

azpimarratu du.