Itxi

Bilbo

MEMORIA HISTORIKOA

Sabino Aranaren izena Bilboko kale-izendegitik kentzea eskatu du PPk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Popularren iritzian, Aranaren idealek 'ETA sortzea ahalbidetu' zuten. Dolores Ibarruriren eta Tomas de Zumalacarreguiren izenak kentzeko ere eskatu du PPk.

  • Sabino Arana etorbidea, Bilbao. EiTB.

    Sabino Arana etorbidea, Bilbao. EiTB.

Sabino Arana EAJren sortzailearen izena, Dolores Ibarruri, Pasionaria, buruzagi komunista historikoarena eta Tomas de Zumalacarregui general karlistarena Bilboko kale-izendegitik kentzeko eskatu du gaur Alderdi Popularrak.

Urtarrilaren 26an eztabaidatuko du PPren mozioa Bilboko Udalbatzak. Bertan,  Memoria Historikoaren Legea "zorrotz" betetzeko eta "Bilboko kale-izendegian lekurik merezi ez dutenak bertatik errretiratzeko" eskatzen zaio Juan Mari Aburto alkateari.

Luis Eguiluz PPk Bilboko Udalean duen bozeramaileak esan duenez, euren "helburua" ez da Aranaren, Ibarruriren eta Zumalacarreguiren izenak "izendegitik ezabatzea", Memoria Historikoaren Legearen gainean "zenbait kasutan" egiten den "irakurketa zorrotzaren" inguruan gogoeta egitea baizik.

PPren iritzian, Memoria Historikoaren Legea  "zorrotz betetzea" exijitzen den garaiotan, "ez da logikoa" Bilboko kale-izendegian Arana, Ibarruri eta Zumalacarregui agertzea.

Dolores Ibarruri komunistak "Stalin odoltsua babestu" zuela adierazi du Eguiluzek. Zumalacarregui generalak, berriz, "Bilbo bonbardatu eta setiatu" zuela esan du, eta Sabino Aranaren "ideal abertzale-arrazistek ETA bezalako talde terroristak sortzea ahalbidetu" zutela gaineratu du.

Hori dela eta, hiru izenok kendu eta kale horiei "izaera ekumenikoagoa" duten izenak jartzeko eskatu diote popularrek Aburtori.

EAJk lotsagarritzat jo du PPren proposamena

Bestalde, Koldo Mediavilla EAJren arduradun instituzionalak esan du Alderdi Popularraren proposamena "lotsagabekeria historikoa" dela.

Mediavillak ondokoa idatzi du bere blogean: "Ez da inozentada bat. Sinatzaileen eskarniorako adierazpen publiko bat da. PPk berriro harritu gaitu, memoria historikoaren izenean, bere memoria partikularraren izenean".

"Hau guztia ez da txantxa bat, ez da interpretazio oker bat. Lotsagabekeria bat da. Hitz guztiak sobran daude. Memoria historikoa? Lotsagabekeria historikoa esango nik", erantsi du.

EH Bilduk ere gogor kritikatu du Alderdi Popularraren eskaera. Aitziber Ibaigarriaga zinegotziak bat egiteko deia luzatu die gainerako udal taldeei, Bilboko PPren “muturreko jarrera ultren aurrean”.

"PPren aurrekoek ezabatu zuten jada Sabino Aranaren izena kale-izendegitik, 1937an Bilbo konkistatu zutenean", gogoratu dio EH Bilduren hautetsiak PPri.

"Milaka eta milaka herritarren oroimenari irain egiteaz gain, Bilboko PPk agerian utzi du bere benetako izaera, eskuin-muturreko alderdien antzekoa, faxista, Europan faxismoak eragindako izugarrikerien ukatzailea", azpimarratu du.

azpimarratu du.