Udal eta foru hauteskundeak -

Inkesta EITB

EAJk irabaziko luke Bilbon eta Donostian; EH Bilduk, Gasteizen; eta berdinketa teknikoa Iruñean

Nafarroako Parlamentuan, UPN izango litzateke bozkatuena, 12-13 eserlekurekin, baina PSN gertu egongo litzateke, 10-11rekin, eta Gobernuari eutsi ahalko lioke, egungo formula berarekin.

Inkesta EITB
Inkesta EITB
Inkesta EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ indar bozkatuena izango litzateke Bilboko eta Donostiako udal hauteskundeetan; EH Bildu, Gasteizen; eta Iruñean berdinketa teknikoa izango lukete UPNk eta koalizio abertzaleak, EITBren inkestaren arabera.

Nafarroako Parlamentuan, UPN izango litzateke lehen indarra, 12-13 eserlekurekin, baina PSN gertu geratuko litzateke, 10-11rekin, eta egungo formulari eutsi ahalko lioke Gobernuan jarraitzeko.

Gasteiz

Inkesta EITB

Arabako hiriburuan, Rocio Viterok (EH Bildu) irabaziko luke, botoen % 24,4 eta 7 zinegotzi eskuratuta, hau da, duela lau urte baino bat gehiago.

Bere aldetik, EAJk eutsi egingo lieke bere egungo 7 ordezkariei, koalizio abertzalearekin berdinduta, baina boto gutxiagorekin: % 23,7.

Hirugarren lekuan, PSE-EE izango litzateke, 6-7 zinegotzi eta botoen % 22,2 lortuta. Egun, 6 ditu.

PP gertu egongo litzateke, 5-6 ordezkarirekin (5 ditu orain), eta urrunago, Elkarrekin koalizioa, 1-2rekin (3 orain).

Bilbo

Inkesta EITB

Juan Mari Aburtok (EAJ) aise irabaziko luke eta gehiengo osoaren atarian geratuko litzateke, 13-14 zinegotzirekin. Horrenbestez, bat gal lezake, duela lau urte 14 izan zituelako.

EH Bilduk 2019an baino ordezkari bat gehiago izango luke, eta aurrea hartuko lioke PSE-EEri bigarren lekuan. Biak berdinduta egongo lirateke zinegotzi kopuruan, 5.

PPk mantendu egingo lituzke bere egungo 3 ordezkariak, eta Elkarrekin koalizioak bat gal lezake, 2-3ko aurreikuspena baitu.

Donostia

Inkesta EITB

Eneko Goiak (EAJ) irabaziko luke, % 33ko babesa eta 9-10 zinegotzirekin. Duela lau urte, 10 jaso zituen.

EH Bilduk nabarmen egingo luke gora, eta bigarren izango litzateke, 2019an baino 2-3 ordezkari gehiago lortuta, hots, 8-9. Botoen % 27,5 jasoko lituzke, hain zuzen ere.

PSE-EEk atxiki egingo lituzke egungo 5 zinegotziak, % 16,8ko babesarekin.

Elkarrekin koalizioak 2-3 ordezkari izango lituzke; beraz, baliteke 1 galtzea; eta PP 3 izatetik 2 izatera pasatuko litzateke.

Iruñea

EITB inkesta

Cristina Ibarrola (UPN) eta Joseba Asiron (EH Bildu) 0,2 puntu eskasera egongo lirateke, biak 7-8 zinegotziko aurreikuspenarekin. Horren ildotik, alderdi erregionalistak botoen % 26,7 izango lituzke, eta koalizio abertzaleak, % 26,5.

Duela lau urte, UPN koalizioan aurkeztu zen PPrekin eta Ciudadanosekin, eta elkarrekin 13 izan zituzten. EH Bilduk, aldiz, 7 jaso zituen.

PSN hirugarren lekuan izango litzateke, botoen % 14,1 eta 4 zinegotzirekin, 2019an baino 1 gutxiago.

PPk 3 ordezkari lortuko lituzke, Geroa Baik 2-3 eta Zurekin Nafarroa 1-2rekin sartuko litzateke Udalean.

Nafarroako Parlamentua

Inkesta EITB

UPN izango litzateke alderdi bozkatuena, botoen % 23,3 eta 12-13 eserleku jasota. Duela lau urte, PPrekin eta Ciudadanosekin aurkeztu zen, koalizioan, eta 20 ordezkari izan zituzten.

PSN gertu kokatuko litzateke, 10-11 ordezkarirekin (11 ditu egun), baina aritmetika parlamentarioak egungo Gobernu formula errepikatzea ahalbidetuko lioke, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Hirugarren lekuan lehia estua izango lukete EH Bilduk eta Geroa Baik, 0,3 puntuko aldea egongo litzatekeelako euren artean. Horren harira, koalizio abertzaleak bozen % 16,3 eta 9 parlamentari (bi gehiago) izango lituzke, eta Geroa Baik % 16 eta 8-9 (egun, 9).

Urrunago, PPk 5 eserleku bereganatuko lituzke; Zurekin Nafarroak, 3-4 (3 egun) eta Voxek 2rekin egingo luke Foru Parlamentuan barrena.

Metodologia

2900 pertsona elkarrizketatu dituzte udal hauteskundeetarako inkestak egiteko: 700na Gasteizen, Bilbon eta Donostian, eta 800 Iruñean.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen kasuan, 1.600 izan dira inkestak: 800 Iruñean eta beste 800 gainerako herrietan.

Galdeketak maiatzaren 25etik 28ra egin dituzte EAEn, eta 22tik 27ra Nafarroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSN Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Vox Udal eta foru hauteskundeak 2023 Hauteskunde inkestak 2024 Nafarroako PP