Udal eta foru hauteskundeak -
Hauteskunde kanpaina
Atsedenik ez hauteskunde-kanpainan, ezta igandean ere
EAEko eta Nafarroako hautagaiak jo eta ke dabiltza hauteskunde-kanpainaren erdian, badakitelako asko dagoela jokoan, eta boza bakoitzagatik borroka egin behar dutela. Gauzak horrela, gaur, igandea izanda ere, ekitaldiz josita dator eguna.
EITB MEDIA
EAEko eta Nafarroako hautagaiak jo eta ke dabiltza hauteskunde-kanpainaren erdian, badakitelako asko dagoela jokoan, eta boza bakoitzagatik borroka egin behar dutela. Gauzak horrela, gaur, igandea izanda ere, ekitaldiz josita dator eguna.
EAJ
Jeltzaleek mitin nazionala eskaini dute Eibarren (Gipuzkoa). Gipuzkoa ezker abertzaleak gobernatu zuen garaietara itzultzea ez dutela onartuko esan du han Andoni Ortuzarrek. EAJren EBBko presidenteak ohartarazi du Eibarren EH Bilduk eta Podemosek ezkerreko eusko-espainiar ententea osatu dutela EAJ agintetik kendu eta esperimentuak egiteko.
EH BILDU
Koalizio independentistak bi hitzordu izan ditu gaur, biak goizean. 11:00etan izan da lehena, Donostiako Loiola plazan, eta han bertan Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako alkategaiak bere proposamenak azaldu ditu.
Geroago, Gasteizko Andra Mari Zuriko plazan izan da bigarren ekitaldi nagusia, 12:30etik aurrera. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldungaia eta Rocio Vitero Gasteizko alkategaia izan dira bertan. Gasteizen soilik ez, Arabako herri populatuenetan irabazteko aukerak daudela nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe ahaldungaiak, eta bultzada hori beretzat ere eskatu du.
PSE
Patxi Lopez Kongresuak PSOEk duen bozeramailea berriro izan da EAEko hauteskunde-kanpainan. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarekin bildu da 11:30etatik aurrera Donostiako Zuloaga plazan. Ekitaldi hartan, Marisol Garmendia Donostiako alkategai sozialistak aldaketa lasaia agindu du, berea dela aurrera egiteko aukera bakarra.
Bestalde, herritarrei arreta eskaintzeko euren proposamenak azaldu ditu Maider Etxebarria Gasteizko alkategai sozialistak, Gasteizen bertan, Loma Jeneralaren plazan, 12:00etan.
ELKARREKIN PODEMOS
Rafa Mayoral Podemoseko buruzagia Arrasateko Biteri plazan izango da 11:30etik aurrera, Roberto Uriarte eta koalizioaren beste hautagaiekin batera. Ezkerreko koalizioak kooperatiben kidetasun eredu bera partekatzen duela esanez, herriari norabidea aldatzeko beharra aldarrikatu du Eva Abuin Arrasaterako alkategaiak.
PP
Alderdi Popularrak Donostian egin du igande honetako ekitaldi nagusia. Borja Corominas PPko alkategaiak parte hartu du, 11:00etan, Alderdi Ederren, Udaletxe parean.
Gainera, Bilborako zerrenda ixten duen Isabel Diaz Ayuso izan da asteburuko protagonista PPren kanpainan. Euskalduna Jauregian 600dik gora lagun bildu ditu, eta horien aurrean esan du Madrilerako duen eredu arrakastatsua Euskadira ekarri nahi duela.
NAFARROA
Ekitaldi nagusiak Iruñean izan dira. Maria Chivite PSNko presidentegaiak eta Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroak Sarasate Pasealekuan izan den agerraldian parte hartu dute, 09:30ean.
Javier Esparza UPNko presidentegaia Buztintxuriko osasun-zentroan izan da.
Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako Parlamenturako hautagaia udalgintzari buruz aritu da hainbat hautagairekin, Zaldi Zurian, 10:30etatik aurrera.
Joseba Asiron Iruñeko EH Bilduko alkateagiak auzoen jai-ereduari eta kulturari buruz hitz egin du Lopez frontoiaren atzekaldean, 11:00etan.
Geroa Bairen ekitaldian, berriz, Uxue Barkos presidentegaia eta Koldo Martinez Iruñeko alkategaia, besteak, beste, izan dira.
PPri dagokionez, Carlos Garcia Aduanero Iruñeko alkategaia komunikabideen aurrean izan da Irunlarrean.
Kanpaina azken txanpan sartu izanak eragin zuzena izan du mezuetan, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala zuzentzeko aukerak eta hitzarmen asmoak plazaratu baitituzte alderdi guztiek.