Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
Etxebizitza politiketan "borondate falta" egotzi dio PSEk EAJri
"Zer ez zaio EAJri gustatzen? Arrazoizko prezioan gure gazteek etxebizitza bat lortu eta bizitza-proiektu bat garatu ahal izatea?", galdetu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Legea berriaren harira, EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak "urratutako eskuduntzak" aipatu izana kritikatu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, arlo horretan "politika egiteko borondatea falta zaielako". "Zer ez zaio EAJri gustatzen? Arrazoizko prezioan gure gazteek etxebizitza bat lortu eta bizitza-proiektu bat garatu ahal izatea?", galdetu du buruzagi sozialistak.
Errenterian (Gipuzkoa) egin ditu Anduezak adierazpen horiek, PSE-EEk antolatutako ekitaldi batean. Bertan Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten idazkaria eta Isaac Palencia Errenteriako alkategai sozialista ere izan dira.
"Gehiengo sozial batentzat" sozialistek zuzendutako "etxebizitza-politika progresistak" azpimarratu ditu PSE-EEko buruak, eta Sanchezen Gobernuak iragarritako Etxebizitza Lege horrek babestutako eta alokairuzko etxebizitza sustatzeko balioko duela gaineratu du, "bere helburu nagusia ere lortuz, hau da, etxebizitzen prezioari eustea".