Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
EH Bildu: "Tamalez, desberdintasun sozialen rankingean Bilbon txapeldunak gara"
Maria del Rio Bilboko EH Bilduko alkategaiak berrikuntza sozialaren alde egin du, "pertsona guztien eskubideak defendatuko dituen euskal hirien abangoardian Bilbo kokatzeko".
EITB MEDIA
Maria del Rio Bilboko EH Bilduko alkategaiak adierazi duenez, "tamalez, txapeldunak gara desberdintasun sozialen EAEko rankingaren arabera". Bilboko Otxarkoaga auzoan egin du Del Riok kanpainaurreko ekitaldi bat, EH Bilduko beste hauteskunde-hautagairekin batera, "Bilbok dituen arrakala sozial gero eta sakonagoen inguruan hitz egiteko".
"Auzo batean edo bestean bizitzeak, lehen edo bigarren mailako hiritarrak izatera eramaten gaitu. Helbide postalak marka dezake auzo pobretuenetan, aberatsenen errentaren herena ere, ez izatea. Eta eragin dezake langabezian egoteko aukerak zazpi aldiz handiagoak izatea. Bizi iraupena ere baldintzatu dezakete arrakala sozialek, eta auzo honetakoa beste batzuetan baino sei urte txikiagoa da. Prezioen gorakadak, adierazitako guztia areagotu baino ez du egiten", deitoratu du.
Del Riok salatu duenez, "Bilbon, tamalez, txapeldunak gara desberdintasun sozialen EAEko rankingaren arabera". Ondorioz, berrikuntza sozialaren alde egin du, "pertsona guztien eskubideak defendatuko dituen euskal hirien abangoardian Bilbo kokatzeko".