Udal eta foru hauteskundeak -
MAIATZEKO HAUTESKUNDEAK
EAJk "Euskadi bere batzokia bailitzan" kudeatzen duela salatu du Iturgaizek
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren "politika okerrak" ere salatu ditu buruzagi popularrak, eta sozialistek EH Bildurekin hainbat lekutan lortutako akordioak gogor kritikatu ditu.
EITB MEDIA
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeak "aukera paregabea" izango dira "EAJ pentsatzeko txokora" bidaltzeko. Hala adierazi du Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak, goizean Santurtzin, hango alkategai popularraren aurkezpen ekitaldian. "Kudeaketa txarra" eta "Euskadi bere batzokia bailitzan erabiltzea" egotzi dizkie jeltzaleei Iturgaizek.
Halaber, maiatzeko bozak "Espainia eta Euskadi urdinez margotzeko" aukera gisa ere ikusten ditu. "Alberto Nuñez Feijoren gidaritzapean", erantsi du, "espainiarren eta euskal herritarren bizimodua hobetzea" da helburua.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren "politika okerrak" ere salatu ditu buruzagi popularrak, eta sozialistek EH Bildurekin hainbat lekutan lortutako akordioak gogor kritikatu ditu. "Sozialistek zioten ez zutela inoiz Bildurekin ezer adostuko, eta Kongresuan lege guztiak Bildurekin ari dira adosten", azaldu du.