Udal eta foru hauteskundeak -
M26
Goia berriro garaile, Donostian
EAJk duela lau urte baino zinegotzi bat gehiago lortu du. EH Bilduk PSE-EE aurreratu du, eta bigarren indarra da, ordezkari kopuru bera lortu badu ere (6). Sozialistek bi zinegotzi galdu dituzte.
EITB.EUS
Eneko Goia jeltzaleak eutsi egingo dio, ziurrena, Donostiako Alkatetzari, EAJk irabazi baititu M26ko udal hauteskundeak. 2015ean lortutako babesa handitu dute jeltzaleek, 5.000 boto gehiago eta zinegotzi bat gehiagorekin (10).
Bigarren postuan izan da aldaketa, EH Bilduk PSE-EE gainditu baitu, 2015ean lortutako ordezkari kopuru bera lortu badu ere (6). Sozialistek behera egin dute, 7.000 boto eta bi zinegotzi galduta: 7 zituzten lehen, eta 5 lortu dituzte orain. Ernesto Gascok ez dio, beraz, Sanchez efektuari etekinik atera.
PPk eta Elkarrekin Podemosek 3na ordezkari eskuratu dituzte. Alderdi Popularrak duela lau urte erdietsitako babesari eutsi dio (botoen % 10,76). Koalizio moreak, bestalde, 2015ean Irabazi markarekin lortutako emaitza hobetu du (bi eserleku zituen orain arte).
Emaitzokin, eta EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioa errepikatuz gero, gehiengoa izango dute jeltzaleek eta sozialistek, 2015ean baino ordezkari bat gutxiago izan arren.
Gipuzkoako gainerako udalerrietako emaitzetako batzuk
Gipuzkoako hainbat udalerritan EH Bilduren eta EAJren lehia aurreikusten zen. Jeltzaleak Arrasaten, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Elgoibarren, Zarautzen edo Tolosan gailendu da, besteak beste.
EH Bilduk Bergara, Ordizia, Deba, Zumaia eta Pasaia berreskuratu ditu. Errenterian ere irabazi du koalizioak.
Sozialistek euren plazei eutsi diete: hala nola, Irun, Eibar, Lasarte-Oria, Zumarraga. Berrobin ere PSE-EE nagusi, baina berea izan zen aurkeztu zen zerrenda bakarra.
PPk Lasarte-Orian eta Hondarribian zituen zinegotziak galdu ditu, eta Irunen zuenetako bat.