Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Aldaketarekin jarraitu nahi dute Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak

Javier Esparzak esan du lau indar horiek Foru Gobernutik "kanporatzear" dagoela Navarra Suma koalizioa; eta Maria Chivitek adierazi du gobernu berria PSNk zuzenduko duela.

Uxue Barkos Geroa Bairen kanpaina bukaerako ekitaldian. Argazkia: EFE
Uxue Barkos Geroa Bairen kanpaina bukaerako ekitaldian.
Uxue Barkos Geroa Bairen kanpaina bukaerako ekitaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Esparza presidentegaiak Navarra Suma koalizioaren aldeko botoa eskatu du kanpainako azken egunean, Iruñeko udaletxe parean egin duen ekitaldian.

“Argi eta garbi esan behar zaie herritarrei maiatzaren 26an bi aukera egongo direla: Gobernu abertzale batekin jarraitzea, edo Gobernu konstituzionalista bat osatzea, Navarra Sumaren eskutik”, adierazi du.

“Euskal abertzaleak Nafarroako Gobernutik kanporatzeko zorian gaude, sektarismoaren eta Nafarroa geldiarazi duen aroari amaiera emateko zorian gaude”, ziurtatu du Esparzak.

Uxue Barkosek hurrengo legealdian ere Nafarroako presidente izan nahi du eta, ondorioz, Geroa Bairen aldeko botoa eskatu du, lau urteotan egindako lana nabarmenduta. “Historia egin dugu”, esan du.

Sarasate pasealekuan egindako ekitaldian, Barkosek agindu du “gogotik” egingo duela lan, “nafar gizartearen alde, gure seme-alabek etorkizuna izan dezaten eta gure nagusiek ongizatea izan dezaten”.

Legealdia amaitu izanak ez duela aldaketaren Gobernua bukatu denik esan nahi zehaztu du. Gobernu horretako presidentea izatea “ohorea” izan dela eta gobernu horrek jarraipena izan behar duen herritarrek erabaki behar dutela orain esan du.

Bakartxo Ruiz EH Bilduren presidentegaiak hauteskundeetan parte hartzeko deia egin du, “boto guztiak beharrezkoak izango direlako aldaketa zuzentzeko eta eskuina geldiarazteko”.

“Nafarroako gizartearentzat etorkizunerako proposamen bakarra aldaketarekin jarraitzea da, zeren beste aukera, PSOErena eta eskuineko alderdiena, iraganera itzultzea da”, ohartarazi du. “Eta mendekua hartzeko asmoz itzuliko dira”, erantsi du.

Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak azpimarratu du “aldaketa geratzeko” etorri zela duela lau urte eta hurrengo legealdian aldaketa hori Iruñean EH Bilduk zuzenduko duela esan du.

Podemosek ere bozkatzeko deia egin die herritarrei, Navarra Suma koalizio eskuindarrak geldiarazteko eta aldaketa suspertzeko.

“Biharkoa egun oso garrantzitsua da nafarrentzat, nori bozkatuko dioten erabaki behar dutelako”, adierazi du Mikel Buil presidentegaiak.

Ildo berean, Builek esan du koalizio morearentzat oso inportantea dela 2015ean bere alde bozkatu zutenen babesa izatea berriro. “Boto haiei esker aldaketa historikoa gauzatu genuen; orain aldaketa horretan atzera edo aurrera egingo den erabaki behar dute”, gaineratu du.

Maria Chivite PSNko presidentegaia ziur agertu da hurrengo Foru Gobernua Alderdi Sozialistak zuzenduko duela, eta Geroa Bairen aurretik izango direla erantsi du.

“Eskuinak gehiengo nahikorik lortuko ez duela jakinda, jokoan dagoena zera da: abertzalea ez den komunitate batean presidente abertzale bat izatea edo presidente sozialista progresista bat izatea”, adierazi du Uxue Barkosi aipu eginez.

Gauzak horrela, parte-hartzerako deia egin du, “hauteskunde orokorretako olatu sozialista Nafarroako Gobernura eta udaletxe askotara iritsi dadin”.

Ezkerrak ere “indartsu” eta “baikor” amaitu du kanpaina, Nafarroako Gobernuak aldaketarekin eta ezkerreko ildotik segitzeko “bermea” dela nabarmenduta.

Maria de Simon zerrendaburuak esan du kanpaina honetan ehunka lagunekin hitz egiteko aukera izan dutela eta azken lau urteotan egindako lanari balioa emateko baliatu dutela.

“Nafarroak Gobernu ezkertiarra izan dezan, beharrezkoak eta erabakigarriak garela erakutsi dugu”, azaldu du. “Konbentzituta nago emaitza oso onak izango ditugula igandean”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma