Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Status berriaren aurkezpena 'atzeratzea' egotzi die EH Bilduk EAJri eta Podemosi
"EAJren eta haren anaia txikiaren, PSEren, politikei aurre egiteko" prest daudela esan du Podemosek. "Podemos eta EH Bilduren arteko akordioen atzerakada arriskuaz" ohartarazi du PSE-EEk.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren igandean Gasteizek eta Arabak "aldaketa jarraitzea" jokoan dutela ohartarazi du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. "Gasteizen EAJren eta Gorka Urtaranen alternatiba ez da PP", "Arnaldo Otegiren ezker abertzalea, Gipuzkoako eta Donostiako porrota" baizik, esan du. "Orain mozorrotu da, bere iragana ezkutatzeko", erantsi duenez, baina "nahiz eta Bildu zetaz jantzi, Sortu da".
Gasteizko Probintzia plazan ekitaldi politikoa egin dute jeltzaleek. Ortuzarren esanetan, EAJk duela lau urte "aldaketa" ekarri zuen Gasteizera eta Arabara, Gorka Urtaranen eta Ramiro Gonzalezen gobernuekin. "Arabako politikari lasaitasuna eman diote", azpimarratu du EBBko presidenteak.
"Duela lau urte Gasteiztik zarata eta polemika bakarrik ateratzen zen. Liskar politikoa nagusi zen, eta horrek istiluak eragiten zituen. Hiria hautsita zegoen eta elkarbizitza berriz ezarri behar izan dute", nabarmendu du Ortuzarrek.
Eusko Legebiltzarrean, herritarrekin "konpromisoa" hartu ondoren, Euskadirentzako status berriaren testu idatziaren aurkezpena "atzeratzea" leporatu die Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta Podemosi. Iriarteren hitzetan, koalizioak "emandako hitza beteko" du eta dokumentua ekaina erdialdera planteatuko du, "ezarritako epean eta moduan".
Koalizioak ekitaldia egin du Errenterian. Era berean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiak eta Aizpea Otaegi alkategaiak parte hartu dute mitinean. Iriarteren ahotan, "nahiz eta testu idatziaren batzorde teknikoak Legebiltzarrak emaniko data ez bete", koalizioak "testua entregatuko dio herriari, oinarriak eta printzipioak babestuz, eta Ganberaren agindua eta epea errespetatuz".
"Herriari emandako hitza betetzea da", nabarmendu du. "Lan hori atzeratu nahi dute batzuek", eta hori "kezkagarria", gaineratu duenez.
Proiektu "sendo, feminista, ekologista eta eraldatzaile" batekin, "EAJren eta haren anaia txikiaren, PSEren, politikei aurre egiteko" prest daudela esan du Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak.
Gasteizko hautagaiekin eta Arantxa Abecia Elkarrekin Podemosen Arabako ahaldungai nagusiarekin batera, hauteskunde kanpaina ekitaldian parte hartu du Martinezek.
Gainerako indar politikoetatik jasotzen ari diren kritikak hizpide izan ditu Martinezek. "Gobernuei buelta emateko erabakigarriak izango garela badakite", adierazi du. "Elkarrekin Podemos finkaturik dago eta Gasteiz, Araba eta Euskadiko mapa politiko berria marrazteko orduan erabakigarria izango da", erantsi du.
"Podemosen eta EH Bilduren arteko akordioak suposatzen duen atzerakada eta paralisi arriskuaz" ohartarazi du Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak. Itxasoren ahotan, koalizio moreak ezker abertzalearen "tesiak erosi" ditu.
Sozialistek kanpaina ekitaldia egin du Eibarren. Miguel de los Toyos alkategaiak eta Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak ere hitza hartu dute. "Nortasun obsesioetatik urrun dagoen ezker sozial, itun zale, arduratsua, europarra eta modernoa" beharrezkoa dela uste du Itxasok, "erakundeetara eta gobernuetara politika aurrerakoiak eramateko gai dena".
"Paralisiaren, dogmatismoaren eta 'denari ezetz' esatearen emaitza zein den ezagutzen dugu dagoeneko: frustrazio, arazo, aukera galdu, finantziazio galera, liskar politiko eta elkarbizitzan atzerapena", azaldu du hautagai sozialistak.
Historian zehar Euskadiko PPk askatasunaren eta aurrerapenaren defentsan egindako lana aldarrikatu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak ostegun honetan. Alderdi Popularrak Gasteizen eta Araban hauteskundeak irabaziko dituela ziur dago.
Rajoyk Alfonso Alonso EAEko PPren presidentea, Iñaki Oyarzabal Arabako ahaldungai nagusia eta Leticia Comeron Gasteizko alkategaia lagundu ditu ekitaldi politiko batean, Arabako hiriburuan.
Hauteskunde kanpaina honetan ekitaldi oso gutxitan parte hartu du Rajoyk. Gobernuburu ohiak azpimarratu duenez, "politika utzi izanak Espainia, espainiarrak eta Euskal Herria axola ez zaizkionik ez du esan nahi". Euskadin hainbat bizipen dituela gogorarazi du, "horietako batzuk tristeak, baina beste batzuk alaiak", eta "jende ugariren babesa" jaso du bertan.