Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Mendia: 'EH Bilduk gizarte politika atseginen mozorroa du ipinita'
EAJ eta PSE-EE "iraganean daude", ziurtatu du EH Bilduk. Podemosen hitzetan, EAJk eta PSE-EEk "auzoen arteko desorekak sortu" dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
EAJ eginen alderdia dela azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Ezkerraldeko eta Meatzaldeako "suspertze ekonomiko eta sozialerako plan" bat onartu dela gogorarazi du agintariak. "Eginekin, inbertsioekin eta enpleguarekin martxan da", nabarmendu du.
Lehendakariak Barakaldon azaldu duenez, horren beharra duten zonaldeetan lanpostuak sortzeko 20 milioi euroko lau programa onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak, eta ekainean BECek "Estatuko industri kontzentrazio handiena hartuko du, 1.300 enpresarekin".
Izaskun Bilbao Europako Parlamenturako hautagaiak, Unai Rementeria Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak eta Amaia del Campo Barakaldoko alkategaiak hitza hartu dute ekitaldian.
EAJ eta PSE-EE "iraganean daude", ziurtatu du Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren bozeramaileak. "Zerrenda ezberdinetan doaz, baina egia esan hauteskundeetara batera doaz", ohartarazi du Iriartek, bata ala besteari "botoa eman berdin da".
Iriartek Tolosan egin ditu adierazpenak. Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak eta Andu Martinez de Rituerto alkategaiak hitza hartu dute ekitaldian.
"Herria EH Bilduren altxorra da", nabarmendu du Iriartek. "Kaletik, erakundeetatik zein pankartatik pertsona guztientzako herri baten alde borrokan ari den pertsona bakoitza, askotan gure sigla propioak bigarren plano batean jarriz, Nafarroan aldaketa lortzeko eta Gasteizen Maroto alkatetzatik kentzeko egin genuen bezala", goraipatu du.
Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeek osatzen duten koalizioak ekitaldia egin du Getxon, arratsaldean. "Bi abiadurako" Euskadi salatu du, "Getxon bistakoa den bezala".
"Nire bizitza guztia Getxon igaro dut, hiru auzo deberdinetan eta Bizkaiko udalerri aberatsenetako batean bi abiadurako Getxo bat eraiki dutela ikusi dut", kritikatu du. Algortako auzoan, "hesietatik behera edo gora bizi direnen tratu ezberdina salatu dute" bizilagunek, esaterako. "Gazteen eta adinekoen tratu ezberdina edo bizi diren auzo eta kalearen araberako inbertsio desberdinak", kritikatu dute.
"Nahiz eta EH Bildu gizarte politika atseginekin mozorrotu, apurren bat marruskatuz gero barruan duten intolerantea azaltzen da", adierazi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Alderdi sozialista ez den beste indar bati botoa ematea koalizioari "alkatetzak oparitzea" izango dela ohartarazi du, eta hori "hondamendia" litzateke.
Pasaiako gudarien plazan, igandean herriak "egonkortasuna" jokoan duela azpimarratu du Mendiak. Buruzagi sozialistaren ahotan, sozialisten egonkortasuna edo "hainbat urteko borrokara eta paralisira itzultzea" aukeratu behar dute herritarrek. Era berean, Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak eta Izaskun Gomez alkategaiak hitza hartu dute ekitaldian.
Gainera, abertzaleak "batasun zaharretara itzultzeko irrikaz" daudela esan du PSE-EEko idazkari nagusiak, "okerrena Pasaia bezalako herrientzako"; izan ere, "Pasaia eta Gipuzkoa uniforme batera" bueltatzea litzatekeelako.
Katalunian gertatutako gauza bera Euskadin emateko, Espainiarekin hausteko, "Bildu edonola zuritu behar dute, eta gu isildu", adierazi du Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak Bilbon.
Amaya Fernandez PPren Bizkaiko zerrendaburuak, Raquel Gonzalez Bilboko alkategaiak eta Javier Zarzalejos Europako Parlamenturako hautagaiak parte hartu dute ekitaldian.
Kataluniako gauza bera Euskadin gertatzeko "osagai guztiak jartzen" ari direla ohartarazi du EAEko PPren buruzagiak.