Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Hezkuntza, Internet eta berdintasuna hizpide izan dituzte Nafarroako presidentegaiek

Maiatzak 17 Interneten Eguna izateaz gain, LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ere bada, eta horrek isla izan du kanpainako ekitaldietan.

PSNko kanpaina ekitaldia. Argazkia: PSN
Maria Chivite PSNko idazkari nagusia eta presidenteagaia.
PSNko kanpaina ekitaldia. Argazkia: PSN

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntzak protagonismo handia izan du ostiral honetan Nafarroako presidentegaien mezuetan. Era berean, Internet, enplegua, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta sexu-diskriminazioak tokia izan dute hitzaldietan.

Maiatzak 17 Interneten Eguna izateaz gain, LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ere bada, eta horrek isla izan du kanpainako ekitaldietan.

Navarra Sumak "asmo handiko" hezkuntza programa duela defendatu du Javier Esparza zerrendaburuak, "20 urte barruko Nafarroa gaur eraikitzen hasiko garelako". Zentzu horretan, hezkuntza eredua aukeratzeko familien askatasuna aldarrikatu du. Nafarroako Gobernuak "deitzen ez dioten tokian sartu" beharrik ez duela gaineratu du Esparzak.

Horretarako, "ongi hornitutako" eskola publikoa beharrezkoa dela azaldu du Navarra Sumako presidentegaiak. Esparzaren hitzetan, "beharrezkoak diren" ikasgelak hitzartu beharko dituzte, beti hezkuntzako profesionalekin ados.

Uxue Barkos Nafarroako presidente eta Geroa Baiko hautagaiak ere hezkuntza izan du hizpide. "Nafarroan lau urte" daramatzala esan die Barkosek hauteskunde kanpainan gobernu progresista aldarrikatzen ari direnei. Legealdi honetan hezkuntzan egindakoa aurrerakoitasun eredua dela azpimarratu du presidentegaiak.

Horrela, aurrekontuetan egindako esfortzua gogorarazi du Barkosek: lau urteetan Estatu osoko "hazkunde handiena". Hezkuntzan, krisi aurreko inbertsio maila berreskuratu eta UPNAn Medikuntza fakultatea sortzeko bultzada eman dutela nabarmendu du.

Bestalde, Bakartxo Ruiz EH Bilduko hautagaiak azken lau urteetan egindako lana aintzat hartu du, baina "beste pauso bat" ematea eskatu du, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko politiketatik politika feministetara pasatzeko.

"Politika publiko feminista transbertsalak" aldarrikatu ditu Ruizek, "desberdintasunei sustraitik aurre egiteko". Horretarako, "baliabide nahikoak" behar dituztela erantsi du, hau da, Nafarroako aurrekontuaren % 1 "baino gutxiago sekula ez".

Mikel Buil Podemoseko presidentegaiak sexu-diskriminazioaz hitz egin du. LGTBI+ berdintasun legea garatzeko eta finantzatzeko konpromisoa hartu du Builek.

Diskriminazioaren kontrako borrokarako eta babeserako protokoloak egitea proposatu du koalizio moreko hautagaiak, Administrazio publikoan zein 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan.

Internet Egunean, etorkizuna "berrikuntza eta eraldaketa digital eta teknologikoarena" izango dela adierazi du Maria Chivite PSNko presidentegaiak. Zenbait neurri proposatu ditu, besteak beste, ikerketa, garapen eta berrikuntzan inbertsioa areagotzea.

Ezagutzaren transferentzian aurrera egitea beharrezkoa dela gaineratu du. Horregatik, Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntza kontseilaritza sortzeko konpromisoa hartu du Chivitek, "Nafarroak berrikuntzan salto kualitatiboa emateko".

Azkenik, Chechu Rodriguezek eta Maria de Simonek, hurrenez hurren, zuzendutako CCOOren eta Ezkerraren ordezkaritzek errealitate soziala aztertu dute.

Enpleguaren kalitateari "ausart" heltzeko beharra azpimarratu dute. Prekarietatea, behin-behinekotasuna eta kontratuen txandakatze handia Nafarroako lan merkatuaren arazo nagusiak direla salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Alderdi politikoak EH Bildu Hautagaiak Nafarroako Hauteskundeak emaitzak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma