Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Iruñea hobetzeko hainbat proposamen egin dituzte alkategaiek

Emakumeen Etxea, ingurumena, etxebizitza eskubidea edo trafikoa murrizteko neurriak proposatu dituzte hautagaiek astearte honetan, hiriburua hobetzeko helburuarekin.

Itziar Gomez Geroa Baiko alkategaia Gazteluko plazan. Argazkia: Geroa Bai
Itziar Gomez Geroa Baiko alkategaia Gazteluko plazan.
Itziar Gomez Geroa Baiko alkategaia Gazteluko plazan. Argazkia: Geroa Bai

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko alkategaiek hiria hobetzeko proposamenak azaldu dituzte astearte honetan, Nafarroako hiriburuan egindako ekitaldi politiko ezberdinetan. Besteak beste, Emakumeen Etxea, ingurumena, etxebizitza eskubidea edo trafikoa murrizteko neurriak proposatu dituzte.

Argako pasealekuan egindako ekitaldian, "gure hirian jasangarritasunaren aldeko benetako apustua egin eta benetako irtenbideak", adostasunetik, bilatuko dituela esan du Enrique Maya Navarra Sumako hautagaiak.

Gazteluko plazan, "herritarren eskutik, konpromiso instituzional irmoa" agertu du Itziar Gomez Geroa Baiko alkategaiak. Herritarrek "aske, seguru eta berdintasunean" bizi nahi dutela esan dute kalean, behin baino gehiagotan, gogorarazi duenez. "Indarkeriari eta kristalezko sabaiei aski da esan diete", azpimarratu du.

Emakumeen Etxea aurten martxan jarriko dutela gogorarazi du Gomezek: "bilera, eztabaida, gogoeta eta ahalduntze esparru bat". Gainera, "elkarbizitzarako eragileen" figura sortu nahi du, "langabezian dauden emakumeei bideratutako proiektua, segurtasun eta babes zibileko sektore maskulinizatuan burua sartzeko".

Mugikortasun jasangarriaren eta ingurumena zaintzearen aldeko apustua egin du EH Bilduko hautagaitzak, etorkizuneko hiri bat izateko. Oinezkoentzako eremuak, garraio publikoa eta baliabide jasangarriak defendatu ditu koalizioak.

Joxe Abaurrea zinegotziaren hitzetan, korridore berde berriak eta "30 Hiria" estrategia beharrezkoak dira, autonomia energetikoaren aldeko apustua gauzatzea, Pobrezia Energetikoaren kontrako Plan Integrala eta hirigintza plangintza oinezkoen ikuspuntuarekin garatzea.

Gaxan Sad Podemoseko alkategaiak Arrotxapeako San Pedro auzoan egin du ekitaldia. Etxebizitza eskubidea unibertsala dela nabarmendu du Sadek. "Hamarkadetan zehar UPNk Udalean zein Foru Gobernuan aplikatutako neurriak lehengoratzearen" alde azaldu da.

Alokairu merkatuko salneurriak arautzea beharrezkoa dela uste du koalizio moreko alkategaiak: "gazteak emantzipatu eta gurasoen etxetik atera ahal izateko neurri erabakigarria da".

Gizarte politikak laguntzarako tresnak soilik ez, kohesio sozialerako tresna bat izatea defendatu du Maite Esporrin PSNko alkategaiak.

Milagrosan ekitaldia egin dute sozialistek. Gizarte politikak "lehentasuna" direla ziurtatu du Esporrinek, pertsona eta kolektibo ahulenei laguntzen dietelako. Hala ere, onuradunei bakarrik ez, gizarte osoari mesede egin behar dietela azpimarratu du.

Azkenik, Burlata-Barañain ardatzean autoak murriztea eta hirian oinezkoentzako pasabideak eraikitzea proposatu du Andoni Romeo Aranzadiko zerrendaburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Geroa Bai Nafarroa Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Hautagaiak Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Iruñeko Udala Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma