Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina Nafarroan
Ekonomia, enplegua eta indarkeria matxista, eztabaidagai laugarren egunean
Presidente baldin bada, zergak jaitsiko dituela iragarri du Javier Esparzak. Burujabetza Ekonomikorako presidenteorde bat izatea proposatu du Bakartxo Ruizek.
Agentziak | Erredakzioa
Ekonomia, laneko prekarietatearen aurkako borroka eta indarkeria matxista, unibertsitate hezkuntzarekin eta ludopatiarekin batera, eztabaidagaiak izan dira astelehen honetan, hauteskunde kanpainaren laugarren egunean. Foru Parlamenturako hautagaiek hizpide izan dituzte.
Iruñeko Ogasun bulegoaren alboan egindako ekitaldian, presidente baldin bada, ekonomia suspertzeko zergak jaitsiko dituela iragarri Javier Esparza Navarra Sumako presidentegaiak. Horrela, herritarren errenta areagotzea nahi du, enpresentzako erkidego erakargarriago bat izateko eta lanpostuak sortzeko.
Horretarako, besteak beste, PFEZ eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga jaistea, ondarearen gaineko zergan % 100eko hobaria, seme-alabak dituzten familiei kenkariak areagotzea eta sozietate-zerga % 19an finkatzea proposatu du Navarra Sumak.
Tuteran, UPNAko campusean "idiosinkrasiara egokitzen diren" ikasketak eskaintzeko konpromisoa hartu du Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak, "aukera propioak sortzeko", etorkizuna nekazaritzako elikagaien sektoreari lotuz.
"Nekazaritzako elikagaien industriaren indarra aprobetxatzeko azpiegiturak eraiki behar dira Erriberan, Europa mailan erreferente garelako", nabarmendu du Barkosek.
Bestalde, Burujabetza Ekonomikorako presidenteorde bat izatea proposatu du Bakartxo Ruiz EH Bilduko hautagaiak, horren bidez Espainiako Gobernuari, "berdintasunean", zorpetze politika propioa izateko eskubidea planteatzeko.
Ruizen hitzetan, Nafarroak bere "beharrizan sozialetara egokitutako defizit muga propioa erabakitzeko eskubidea du".
Erraldoien plazan egindako ekitaldian, ludopatia prebenitzea eskatu du Ainhoa Aznarez Podemoseko presidentegaiak, familia askorentzako "dama bat" delako. Adituen arabera, "XXI. mendeko heroina da", ohartarazi duenez.
Zentzu horretan, "bere elastikoetan apustu etxeen publizitatea egiteari uzteko" eskatu dio Aznarezek Osasunari; izan ere, "talde gorritxoaren eta Nafarroaren balioak ez direlako".
Maria Chivite PSNko hautagaia San Frantzisko plazara hurbildu da. Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko baliabide gehiago bideratu behar direla uste du Chivitek, baita esparru horretan lanean ari diren profesionalak trebatzeko ere. Hezkuntza bultzatzea "funtsezkoa" da, erantsi duenez.
Azaldu duenez, berdintasuna PSNren Gobernu programako ardatza da, "zeharkako" ikuspuntu batekin aplikatuz lurralde, aukera zein genero esparruetan.
Laneko prekarietatearen aurkako borroka, lan erreformen ondorioz galdutako soldatak berreskuratzea, gazte, emakume zein luzaroko langabeen kalitatezko enplegua eta ekonomia sozialaren babesa Ezkerraren lehentasunak dira, Carlos Guzman Ezkerrako hautagaiak Ogasun bulego baten alboan azpimarratu duenez.
Banku publiko bat bultzatzea koalizioaren eskakizun bat izango dela gaineratu du Guzmanek, Nafarroako Kutxaren arima berreskuratzeko, garapen ekonomikoaren funtsezko tresna bilakatzeko, familiak eta langile autonomoak babesteko.