Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Geroa Baik eta EH Bilduk lauko gobernua errepikatzearen alde egin dute

Navarra Sumak "aukera berdintasuna" egotea defendatu du, Barkosek esan du bere bandera "etorkizunekoa" dela, eta EH Bilduk hau aldarrikatu du: "Inor ez da eta ez da izango inor baino gehiago".

Bakartxo Ruiz eta Uxue Barkos. Argazkia: EiTB
Bakartxo Ruiz eta Uxue Barkos. Argazkia: EiTB
Balizko itunak aipatzen hasi dira Nafarroako zerrendaburuak

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Esparza Navarra Sumaren presidentegaiak Elizondon esan du "denentzako gobernua" nahi duela, "bizi diren lekuan bizi direla, bozkatzen dutena bozkatzen dutela, euskaraz hitz egin edo ez, aukera berdintasuna eskaini behar delako lurralde osoan".

Esparzak Nafarroako herri guztietako zerbitzu publikoen kalitatea goraipatu du, eta esan du aurreko legegintzaldietako lanari esker dela hori, eta "ezaren" defendatzaileen gainetik.

Hala eta guztiz ere, "despoblazioari eta desberdintasunei aurre egiten jarraitu" behar dela aitortu du, nekazal eremuetarako egitasmo digitala sustatu, ondarea babestu, eta hizkuntzen trebakuntza indartu eremu bakoitzaren beharren arabera.

Bestalde, Uxue Barkos egungo presidente eta Geroa Bairen presidentegaiak adierazi du bere Gobernuaren legegintzaldi honetako bandera "etorkizunarena" dela, "Nafarroan anitzak diren sentimendu eta nortasunetatik harago".

"Identitate eztabaida faltsuen aurrean, kontuak konpondu eta ordenatu ditugu, osasun eta hezkuntza azpiegituretan inbertitu dugu, alargunei edo pentsio baxuei laguntzeko gehigarri bat onartu dugu, eta Nafarroa Europaren buru jarri dugu ekonomia zirkularraren eta hondakinen alorrean", adierazi du Tuteran egindako hauteskunde ekitaldian.

Azpimarratu duenez, egindako lanari esker, "Tuterak, Erriberak eta Nafarroako gizarteak ekintzak eta lana jaso dituzte, ez proposamenak bakarrik", eta "banderak inposatzea leporatzen digutenak" omen dira "Tuterako osasun alorra eta hezkuntza txirotzen utzi zutenak".

Bakartxo Ruiz Nafarroako Gobernurako EH Bilduren presidentegaiak "guztiontzat gotorleku izango den berdinen arteko errepublika" aldarrikatu du Sartagudan.

Hala, EH Bildurentzat "oinarrizkoa" omen da "garaiotan, prekarizazioak eta autoritarismoak kolektiboen loturak eta elkartasuna zalantzan jartzen dituztenean, horien aldeko apustua egitea, eta ezbairik gabe defendatuko dugun printzipio batzuen bidez egitea: inor ez da eta ez da izango inor baino gehiago".

Horren harira, EH Bilduren baloreak zeintzuk diren azaldu du: "Balore errepublikarrak, elkartasuna, berdintasuna, elkar laguntzea, amankomunean duguna, publikoa pribatuaren gainetik, erakundeak herritarren zerbitzura jartzea eta herri burujabetza, XXI. mendeko Nafarroaren beharretara egokitutako ideia errepublikarrak".

Politika sektorialei dagokienez, Mikel Buil Podemosen zerrendaburuak Nafarroaren kultura kosmopolitaren eta sortzaileen aldeko apustua egin du garapen ekonomikoa lortzeko.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako ekitaldi batean, Builek salatu du kultura "gutxietsi" egin dutela eta artistek "jazarpena" jasan dutela lanen edukiaren arabera. Horregatik, sortzaileen askatasuna, sortzeko estimuluak, aurrekontua handitzea eta Artisten Estatutua "berehala" ezartzea aldarrikatu du.

Maria Chivite PSNren presidentegaiak herritarren eta ezkertiarren mobilizaziorako deia egin du maiatzaren 26ari begira, Nafarroak politika sozialez arduratuko den gobernu aurrerakoia izan dezan.

Izan ere, Chivitek uste du eskuindarrek ez dutela gehiengorik izango eta ez direla aukera, eta egungo Gobernuan dagoen laukoa "gobernu nazionalista" dela eta horien "lehentasuna proiektu subiranista" dela.

Bestalde, Txema Mauleon Ezkerraren Nafarroako presidentegaiak azpimarratu du energia berriztagarrien operadore publikoa jarri beharra dagoela martxan, energia iraunkorrerako eredu batera bidean.

Landabenen egindako ekitaldian azaldu duenez, energia berriztagarrien autokontsumoa, gertuko sorkuntza eta % 100ean berriztagarriak diren energien erabilera sustatu eta konpainia pribatuen "gehiegizko" prezio gorakadak galarazi behar dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Hautagaiak Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma