Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
Unidas Podemosek salatu du EAJk, PPk, PSOEk eta Cs-ek berdin bozkatzen dutela Europan
EAJk burujabetzari buruzko kontsulta defendatu du, EH Bilduk Araban agintea lortzeko moduan ikusten du bere burua, eta PSE-EE kanpainara itzuli da Rubalcabagatik dolua adierazi ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteak uste du "herritarrei galdetzea posible dela modu librean eta demokratikoan erabaki dezaten zein harreman nahi duten Estatuarekin, erabaki dezaten harreman horrek subiranotasuna izan behar duen, edo subiranotasun partekatua, independentzia edo egoki ikusten duena", hori baita, bere esanetan, "Europaren eraikuntza demokratikoaren oinarria".
Irungo Zabaltza plazan egindako ekitaldi batean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta hautagaia, Izaskun Bilbao Europarako zerrendaburua eta Xabier Iridoy Irungo alkategaia alboan zituela, Egibarrek botoa EAJri emateko eskatu du, jeltzaleek "ongi" irabazi behar dutela iritzita.
Buruzagi jeltzaleak esan du EAJren proiektuaren "zutabeak argiak" direla. "Gure konpromiso politikoa, demokratikoa eta etikoa ukaezina da azken hamarkadetan, eta hori EAJk soilik esan dezake ikuspuntu abertzale eta demokratikotik", adierazi du.
Testuinguru horretan, Egibarrek gaineratu du ezker abertzaleak "kontraste edo balantze bat" egin behar duela, eta "azalpen bat eman herriari, hautesleen artean agerikoa den babesa badute ere". Izan ere, Egibarren arabera, hauteskunde babes hori "historia batetik hasten da, ETA erakundearen sorkuntzatik, ezker abertzalearen babesa izan baitzuen". "Batzuetan geure buruari galdetzen diogu, aizu, eta ezker abertzaleak, ezer egin gabe, nola lortzen ditu hainbeste boto?", azaldu du.
Egibarren arabera, ezker abertzaleak "fideltasuna du kausa batekin eta borroka egiteko modu batekin, baina agerian geratu da okerra ez ezik, krudela ere badela Giza Eskubideen eta pertsonen bizitzaren defentsaren ikuspegitik".
Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren Arabako ahaldungai nagusiak ohartarazi du, 2015ean Maroto Gasteizko Alkatetzatik kendu eta hauteskunde orokorretan diputatu posturik gabe utzi ostean, hirugarrenaren bila aterako direla maiatzaren 26an, irabazi egin nahi dituztela udal eta foru hauteskundeak, PPk "helburuak lortu gabe" jarrai dezan.
Fernandez de Pinedok Gasteizen egin duten ekitaldian hartu du hitza, Miren Larrion Gasteizko alkategaiak ere parte hartu duen ekitaldian.
Ahaldungai nagusiak gogorarazi du Alfonso Alonso PPren EAEko presidenteak ostiralean esan zuela "helburu nagusia EH Bilduk Araban ez agintzea" zela.
Fernandez de Pinedok Alderdi Popularraren buruzagiari erantzun dio EH Bildu Araban "agintzeko moduan" dagoela.
Gainera, gogorarazi du PPren helburua ere bazela Maroto Gasteizko alkate izatea 2015ean, baina EH Bilduk galarazi egin zuela EAJren hautagaiari babesa emanda; eta apirilaren 28an Maroto diputatu izatea ere bazuela helburu, baina EH Bilduk boto gehio jaso eta galarazi egin zuela.
"Ez dirudi PP oso ondo ari denik helburuak lortzeko garaian. Beraz, bi gabe, hiru", ohartarazi du Fernandez de Pinedok, maiatzaren 26an EH Bilduk arrakasta lortuko duela iritzita.
Miguel Urban Unidas Podemosen Europako Hauteskundeetarako hautagaiak esan du PP, PSOE, EAJ eta Ciudadanos "mokoka" aritzen direla, baina "Bruselan gauza bera" bozkatzen dutela: "Naval ixtea, zuhurtzia neurriak, murrizketak, aberatsek ez ordaintzea, multinazionalek dirua Luxenburgo bezalako zerga paradisuetan edukitzea".
Barakaldon egindako agerraldi batean, Urbanek gogo txarrez hartu du "inor ez oroitzea Europako hauteskundeekin, jokoan dagoena kontuan izanda". Hautagaiak azpimarratu du "eztabaida faltsua" egiten ari direla "Europa gehiago edo gutxiago"ren inguruan, eta benetan esan nahi dutena "Mediterranioan hildako gehiago edo herrien besarkadaren Europa gehiago" ote den galdetu du. "Zein Europaz ari gara, Naval ixteari bide ematen diona eta merkataritza gune handiak irekitzen dituena, Europa zuhurraz, murrizketez edo sozialaz?" berretsi du.
Bestalde, Arantxa Abecia Elkarrekin Podemosen Arabako ahaldungai nagusiak eta Txema Ruiz de Apodaca Batzar Nagusietarako hautagaiak hondakinen bilketa eta kudeaketa eredu berria eskatu dute, 2030erako "zero hondakin" maila lortzeko.
Amurrion egindako ekitaldi batean, ohartarazi dute egungo hondakinen plana ez dela nahikoa eta aurreko bideari jarraitzen diola, "nahiz eta agerikoa den eredu hori ez dela eraginkorra".
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Alfredo Perez Rubalcabak ETAren amaiera lortzeko egin zuen lana gogorarazi du, eta salatu du kanpainan "biktimen mina" erabiltzen ari direla eta batzuk "denboran atzera" egin dutela "2011n desagertu zen ETA berreskuratuz".
Mendiak Barakaldon egin ditu adierazpenok, Rubalcabaren heriotzaren ondoren ia bi eguneko dolua egin ostean, gaur kanpainari berriro ekin diotenean.
Ekitaldia buruzagi sozialista ohiaren omenezko bideo batekin hasi da, eta bertan izan dira PSE-EEren ordezkari nagusiak: Mendia bera, Patxi Lopez, Jesus Loza, Rodolfo Ares…
Mendiak azpimarratu du, bideoan agertu diren irudien emozioaz aparte, ekitaldian ez dutela "iraganaren nostalgia" egin nahi izan, baizik eta sozialistek etorkizuna nola eraiki nahi duten erakutsi, "maila altuko buruzagiekin, kudeaketa gaitasunarekin, konpromiso etiko eta demokratikoarekin, herrialde hobea egiteko bokazioarekin, Barakaldo, Bizkaia eta Europa hobea".
Diktaduraren ostean PSOEk askatasunak eta eskubideak berreskuratzeko egindako lana goraipatu eta gero, azpimarratu du hura ez zela "kasualitatea" izan. "Alderdi Sozialistak Espainiak sekula bizi izan duen eraldaketa handiena, azkarrena eta bateratuena zuzendu zuen. Baina oztopo bat geratu zen, ETAren terrorismoa. Eta ez, ez zen kasualitatea izan Alderdi Sozialistak Espainian eta Euskadin amaiera eman izana", gaineratu du.