Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Enplegua, autogobernua eta gizarte politikak lehen eguneko ardatz, Nafarroan

Navarra Sumak enplegu betea lortzeko erronka onartzen duela azpimarratu du Esparzak. Autogobernuan "asmo handiekin" sakontzea aldarrikatu du Barkosek.

EH Bilduren ekitaldia Agoitzen. Argazkia: EH Bildu Nafarroa
Enplegua, autogobernua eta gizarte politikak lehen eguneko ardatz, Nafarroan.
EH Bilduren ekitaldia Agoitzen. Argazkia: EH Bildu Nafarroa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako presidentegaiek mezu desberdinak bota dituzte hauteskunde kanpainako lehen egunean. Enplegua, ingurumena, gizarte politikak edo autogobernua mintzagai izan dituzte.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOE idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuaren presidenteorde ohiaren heriotzaren berri arratsaldeko lehen orduan izan ondoren, ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du PSNk.

Nafarroan enplegu betea lortzeko erronka onartzen dutela nabarmendu du Javier Esparza Navarra Sumako presidentegaiak. Horretarako, "ekonomia aktibatzeko politikak" egingo dituztela agindu du.

Landabenen egindako ekitaldian, krisiak eragindako desberdintasun, langabezia eta prekarietatearen ondotik, pertsona orok lanpostu bat izateko eskubidea duela aipatu eta gainera soldatak lehengoratzeko "borroka" egin behar dela azpimarratu du. Zentzu horretan, Foru Gobernuak "lagundu ez duten" erabakiak hartu dituela kritikatu du Esparzak.

Autogobernuan "asmo handiekin" sakontzea aldarrikatu du Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak Foruen monumentuan. Barkosen hitzetan, hauteskunde hauetan "etorkizunera begiratzen jarraitu ala iraganera itzultzea" erabakiko du Nafarroak.

"Asmo handien faltak" eta "konplexuak autogobernuaren garapena 40 urtez mugatu dute", salatu duenez. Geroa Baiko zerrendaburuaren ahotan, 2015etik Ekonomi Hitzarmena eguneratu eta Foru Ogasunaren garrantzia azpimarratu dute, nahiz eta Ciudadanosen "erasoak" izan, orain UPNren bidelagun.

Bestalde, gizarte "bidezkoago eta orekatuago" baten aldeko konpromiso "irmoa" agertu du Bakartxo Ruiz EH Bilduko presidentegaiak, pertsonen oinarrizko beharrizanak asetzeko, enplegua, etxebizitza edo gutxieneko diru-sarrerak esaterako.

Aduanako zokoan ekitaldia egin du EH Bilduk. "Erregimenaren" politika "ekonomizistak" kritikatu ditu Ruizek, eta lauko Gobernuaren gizarte politikak kontrajarri ditu, azken legealdiko "oinarrizko giltzarri eta aurrerapausoetako bat", baina "egiteko asko dago".

Taconera parkean, ingurumenaren babesarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin konpromisoa azaldu du Mikel Buil Podemoseko hautagaiak. "Hil edo biziko" gaia dela ziurtatu du Builek.

Datorren legealdian "lehentasunez" arazoari heltzeko deia egin die alderdi guztiei, "gazteriak B planik ez dugula esan digulako".

Azkenik, Marisa de Simon Ezkerrako presidentegaiak hauteskunde programa aurkeztu du ostiral honetan. "Ezkerreko aldaketan sakontzeko" 450 proposamen direla esan du De Simonek.

"Jendearekin eta jendearentzako egina", programak "gehiengo sozialaren beharrizanei erantzun eta ingurumena babestearen" alde egiten du, goraipatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Hautagaiak Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma