Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina
EAEko lurraldeen arteko 'ezberdintasunekin' amaitu nahi du Alderdi Popularrak
EAJk modernitatea ordezkatzen duela dio; EH Bilduk proiektu sendoa duela esan du; Elkarrekin Podemosek EAJren alternatiba dela adierazi du; eta PSEk ez du ekitaldirik egin, Rubalcabaren heriotzagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Izaskun Bilbaok azpimarratu du EAJk ordezkatzen duela “pertsonen zerbitzura dagoen euskal modernitatea”.
“Harrotasunez esan dezakegu hori. XIX. Mendean EAJ sortu izana modernoa izan zen. Foruak eskatzetik nazioa eraikitzera pasatu ginen. Garai hartan Europaren aldeko apustua egitea modernoa izan zen. Ia inork ez zuen horrelakorik egiten, eta gu han izan ginen, Jose Antonio Agirre eta Francisco Javier de Landaburu buruzagien ondoan”, azaldu du Europako hauteskundeetarako EAJren zerrendaburuak Bilbon egindako ekitaldian.
“EAJk herrien Europaren eta Europa sozialaren aldeko apustua egin zuen eta hori modernoa izan zen orduan”, erantsi du.
Bilbo eta Euskadi Europarekin “lotzen jarraitzeko konpromisoa” berretsi du, “betiere modernotasunari eutsita, aurrerakuntzaren trena ez galtzeko”.
Izaskun Bilbaoren hitzetan, EAJk “Estatuko gizarte politika aurreratuenak” ezarri ditu. “Batzuek eskuinekoak garela esaten duten bitartean, guk gure politika eta programekin, ezkerretik aurreratzen ditugu”, nabarmendu du.
EH Bildu
Juan Carlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkako zerrendaburuak esan du koalizio soberanista “goraka” egiten ari dela eta bere lehentasuna “herritarrak zaintzea” dela.
EH Bilduk Zarautzen egin du ekitaldia. Han izan dira Izagirre, Itziar Murua Zarauzko alkategaia eta Maddalen Iriarte legebiltzarkidea.
Donostiako alkate ohiak azpimarratu du EH Bilduk “ilusioa berreskuratu” duela eta “indartsu” dagoela. “Herritarrek badakite proiektu sendoa eta fidagarria daukagula Gipuzkoarentzat, eta proiektu horrek gehiengo sozialari mesede egingo diola”.
Horrela, koalizioak Gipuzkoan irabazteko aukera baduela ziur agertu da. “Gure helburua herritarren bizi eta lan baldintzak hobetzea izango da”, erantsi du.
“EH Bilduk gobernatu duen tokietan edo erabakigarria izan den lekuetan herritarren bizi-baldintzak hobetzen dituela erakutsi du, pertsonek bere bizitza proiektuak baldintza duinetan garatu ahal izateko politika publikoak ezarrita”, azaldu du.
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemosek Donostian egin du arratsaldeko ekitaldia. Hasi aurretik, Lander Martinezek Alfredo Perez Rubalcaba izan du gogoan eta Alderdi Sozialistako kideei bere elkartasuna adierazi die.
Martinezen ondoan, Aitzole Araneta Donostiako alkategaia eta Maria Valiente Gipuzkoako zerrendaburua izan dira.
Podemos Euskadiko idazkari nagusia PSE-EEri zuzendu zaio, Donostiako udaletxean “alternatiba” eraiki nahi duen edo Eneko Goia “babesten” jarraituko duen argitu dezala eskatuz.
“Euskal politikagintzan geratzeko sartu gara”, azpimarratu du. Eta jarraian udalerri askotan egiten den kudeaketa kritikatu du: “Herria zatitzen ari dira; alde batean Euskadi ofiziala dago, argazkietarako hiriekin; eta bestean, benetakoa, egunerokoa eta prekarietatearena”.
Ildo horretan, Martinezek esan du EAJren eredua eta Elkarrekin Podemosean “guztiz ezberdinak” direla, eta Donostiako kasua horren erakusgarri dela. Horregatik, PSE-EEri erabakitzeko eta noren ondoan egon nahi duen esateko galdegin dio.
PSE-EE
Teresa Laespada PSE-EEko Bizkaiko zerrendaburuak esan du bere lehentasunetako bat gazteei, emakumeei eta 45 urtetik gorako pertsonei zuzendutako “enplegu plan sendo bat” lantzea izango dela.
Euskadiko Alderdi Sozialistak Ermuan egin du goizeko ekitaldia. Han izan dira Edier Gardiazabal Europako Parlamenturako hautagaia eta Juan Carlos Abascal Ermuko alkategaia.
“Gazteei, emakumeei eta 45 urtetik gorako pertsonei zuzendutako enplegu plan sendo bat ezartzea izango da nire helburuetako bat, horiexek baitira lana bilatzeko zailtasun gehien duten sektoreak”, adierazi du.
“Inor soberan ez dagoen eta talentua berreskuratuko duen Bizkaia nahi du nik. Ezagutzaren gizartean bizi bagara, lurralde honek dauka talentua kontutan hartu behar dugu”, erantsi du.
Arratsaldean PSE-EEk ez du ekitaldirik egin, Rubalcabaren heriotza-ren ondotik kanpainako jarduera guztiak bertan behera uztea erabaki duelako Alderdi Sozialistak.
PP
Rubalcabaren heriotza dela eta, Alderdi Popularrak kanpainako ekimenak bertan behera utzi aurretik, Euskadiko PPk Donostian egin du ekitaldia.
Juan Carlos Cano Gipuzkoako zerrendaburuak itunaren aldekoa apustua egin du, “muturreko jarrerak eta banderak baztertuta”.
“Euskadin Gipuzkoa defendatuko duen ahaldun nagusia behar dugu, abertzaleen estrategia zentralizatzaileari eta Bizkaia soilik kontuan hartzen duen Jaurlaritzari aurre egiteko”, adierazi du.
Canok aitortu du PPk ez duela indar askorik Gipuzkoan, “baina kolektibo ezberdinek bat egiten saiatzen gara egunero”.
“PPk gipuzkoarroi kendu dizkiguten baliabideak berreskuratuko ditu, premiazko beharrizan sozialei erantzuteko”, agindu du.