Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina hasiera
A28ko 'olatua hartu' nahi du EH Bilduk, maiatzaren 26tik aurrera gobernatzeko
Koalizio abertzaleak M26ko hauteskundeetako kanpaina hasi du Donostian, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Juan Karlos Izagirrerekin.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak foru eta udal hauteskundeen hasiera ekitaldian esan duenez, ziur dago koalizio abertzaleak lurralde hori gobernatuko duela maiatzaren 26tik aurrera.
Donostian hasi du kanpaina Gipuzkoako EH Bilduk. Reyes Carrere Donostiako alkategai eta Maddalen Iriarte legebiltzarkidearekin batera egin du ekitaldia Izagirrek, Gipuzkoako hiriburuko Egia auzoan.
Donostiako alkate ohiak gogorarazi duenez, EH Bilduk apirilaren 28an "emaitza apartak izan zituen" eta "olatu berri bat osatu zuen Gipuzkoan".
"Gaur hemen gaude olatu hori hartzeko eta emaitza horiek Europako erakundeetara, udaletara eta Gipuzkoara eramateko", esan du.
EH Bilduren proiektuak hiru ezaugarri nagusi dituela esan du Izagirrek: "Proiekturik onena daukagu, politika egiteko beste modu bat proposatzen dugu, behetik gora, eta talde plurala, prestatua, orekatua eta indartsua dugu".
BIDEOA: EH Bilduk Iruñean hasi du kanpaina