Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina hasiera
EAJ-PSE ereduaren aurrean 'seriotasuna eta fidagarritasuna' eskaini ditu Martinezek
Elkarrekin Podemosek kanpainari hasiera eman dio Gasteizen. Podemos Euskadiko idazkari nagusiaren hitzetan, sozialistak eta jeltzaleak "dirua egiteaz" arduratzen dira.
Agentziak |Erredakzioa
Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean azaldu duen "seriotasuna, onura eta fidagarritasuna" eta EAJ-PSEren eredua kontrajarri ditu Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak. Martinezen ahotan, sozialistak eta jeltzaleak "dirua egiteaz" arduratzen dira, baina herritarren premiak alde batera utzita.
Udal, foru eta Europako hauteskundeetarako kanpainari hasiera Gasteizen eman dio Martinezek. Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaileak, Fernando Lopez eta Ana Viñals Gasteiz eta Bilboko alkategaiek, hurrenez hurren, eta Arantxa Abecia eta Eneritz Madariaga Araba eta Bizkaiko aldundietarako hautagaiek Martinez lagundu dute.
Podemosek, Ezker Anitzak eta Equo Berdeek elkarrekin egiten duten hirugarren kanpaina dela gogorarazi du Martinezek. Proiektu politikoa eta erakundeetan presentzia sendotzeko "beste pauso bat" dela azpimarratu du koalizio moreko buruzagiak.
Nabarmendu duenez, azken hiru urteetan Legebiltzarrean "seriotasuna eta fidagarritasuna" azaldu dute pertsonen eguneroko arazoak konpontzeko eta premiazko beharrizanak asetzeko orduan. Martinezen esanetan, proiektu "koherentea" dela demostratu dute.
Helburua herri "gazte, feminista, ekologista" eraikitzea da, "inor atzean ez uzteko, eta pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak izatea, han edo hemen jaio eta han ala hemen bizi", adierazi du.