Udal eta Foru Hauteskundeak -
Itunak
Arabako Aldundian egonkortasuna bermatzeko eskatu dio EAJk EH Bilduri
Aldundiaren “kontura” Gasteizko Udalean egonkortasuna lortzea ez dutela onartuko esan dute jeltzaleek. “Ez dugu santu bat beste bat biluztuz jantzi nahi”, azpimarratu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizen “hiri eredu berri bat” lortzeko gainerako alderdiekin “akordioak” bilatzeko prest agertu da EAJ, baina trukean Arabako Foru Aldundian Ramiro Gonzalez ahaldungai jeltzalearen egonkortasuna bermatzeko eskatu dio EAJk EH Bilduri.
Araba Buru Batzarreko (ABB) iturriek jakitera eman dutenez, “hiri eredu berri bat egiteko” gainerako alderdiekin akordioak bilatzeko prest daudela esan dio EAJren ordezkaritzak koalizio abertzaleari. Horren gainean, Javier Maroto (PP) Gasteizko jarduneko alkateak “azkenaldian egindako kaltea onartu” behar duela ohartarazi dute jeltzaleek.
EAJren esanetan, “azken xedea Gasteizko Udalaren egonkortasuna da, baina Arabako Aldundian ere egonkortasuna bilatu behar da”.
"Ez dugu santu bat beste bat biluztuz jantzi nahi”
Erakunde baten egonkortasuna “bestearen kontura” lortzea ez dutela onartuko esan dute jeltzaleek. “Une honetan, Gasteizko Udalari egonkortasunik handiena eman nahi diogu, baina Arabako herritarren enkargua ezin dugu albo batera utzi. Ondorioz, ez dugu santu bat beste bat biluztuz jantzi nahi”, esan du EAJk.
EH Bilduk Aldundiaren egonkortasuna bermatzeko jarrerarik ez duela salatu du ABBk. Jeltzaleen hitzetan, Udaleko eta Aldundiko negoziazioak “bereizi” nahi ditu koalizioa abertzaleak.
Horregatik, EH Bildu “helburu taktikoekin denborekin jolasten ari da”, jeltzaleen ustez; izan ere, udalak ekainaren 13an osatu behar dituzte, eta aldundiak ez dira uztailera arte eratuko.
EAJ eta PSE-EE, programa akordioetan aurrera
Bien bitartean, Arabako EAJk eta PSE-EEk aurrerapausoak eman dituzte Aldundian akordio programatikoak adosteko negoziazioetan, Araba Buru Batzarreko iturriek jakitera eman dutenez.
Arabako EAJren eta PSE-EEren ordezkaritzek bilera egin dute arratsaldean, Gasteizen. Batzarra amaitu eta gero, Arabako Aldundiari dagokionez, bi alderdien arteko elkarrizketak “bide onetik” doazela adierazi dute EAJko iturriek, “programa akordioak ixten eta aurrerapausoak ematen” jarraitzen dutelako.
Sozialistekin “akordio orokor bat lortzeko ahaleginean”, Gasteizen ere “egin beharrekoa” PSE-EEren “eskutik” egingo dutela ziurtatu du ABBk.