Hauteskunde Orokorrak -
Emaitzak
'Emaitza bikainak' azpimarratu ditu Otegik, EH Bilduk talde propioa izan ahalko baitu
EH Bildu "Euskadin eta Nafarroan botoetan gora egin duen indar bakarra" izan dela nabarmendu du Otegik. Bestalde, "Madrilera justizia eskatzera" joango direla gogorarazi du Bel Pozuetak.
Agentzia | Erredakzioa
Koalizioak lortutako "emaitza bikainak" txalotu ditu Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak; izan ere, Euskadin lau ordezkariak mantendu ditu eta Nafarroan beste bat bereganatu du. Ondorioz, Madrilen talde propioa osatzeko aukera izango du.
Donostiako egoitzan agerraldia egin du Otegik; izan ere, bertatik jarraitu du jardunaldia. EH Bilduren emaitzak aztertuta, koalizioa "Euskadin eta Nafarroan botoetan gora egin duen indar bakarra" izan dela nabarmendu du Otegik.
Bestalde, Bel Pozueta Kongresurako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuak pozik hartu ditu koalizioaren emaitzak, eserlekua lortu ondoren: "Katilukada bat ez zuten nahi? Bada, bost lortu ditugu!".
Apirileko hauteskundeetan diputatu akta lortzetik 408 botora gelditu ondoren, Bel Pozuetak eserlekua irabazi du igande honetan. Koalizioa "Madrilera justizia eskatzera" joango dela azpimarratu du Pozuetak.