Hauteskunde Orokorrak -
EMAITZAK
PSOEk irabazi ditu hauteskundeak, baina eskuin-muturra hirugarren indarra da jada
PSOEk 120 ordezkari lortu ditu; PPk, 88; Voxek, 52; Unidas Podemosek, 35; ERCk, 13; eta Ciudadanosek, 10. Sanchezek indar independentisten babesa edo PPren abstentzioa beharko du presidente izateko.
GAIZKA PALACIOS | EITB.EUS
Espainiako Alderdi Sozialistak (PSOE) irabazi ditu azaroaren 10eko hauteskundeak, 120 eserleku lortuta, baina bi ordezkari galdu ditu, 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, eta, ondorioz, egoera politikoak berdin jarraitzen du Estatuan.
Alderdi Popularrak (PP) galdutakoaren zati bat berreskuratu du, eta 89 diputatu izango ditu (atzerrian emandako botoen zenbaketaren ondoren). Nolanahi ere, jardunaldi honetako garailea Santiago Abascal izan da. Voxek eserlekuak bikoiztu baino emaitza hobeak lortu ditu, eskuin-muturra 24 ordezkari izatetik 52 izatera igaro baita.
PPk eta Voxek gora eginda, Ciudadanosek (Cs) jasan du porrota. Albert Riveraren alderdiak 47 eserleku galdu ditu, eta 10 ordezkarirekin geratu da.
Unidas Podemosek ere emaitza kaxkarrak izan ditu. Mas Paisen agerraldiak kalte egin dio. Pablo Iglesiasen koalizioak 35 eserleku eskuratu ditu (7 gutxiago), eta Iñigo Errejonen alderdia hiru ordezkarirekin sartuko da Kongresuan.
Bestalde, alderdi independentistek goraka egiten jarraitzen dute: ERCk 13 eserleku lortu ditu (-2), JxCATek 7 ordezkari (+1) eskuratu ditu, EH Bildu 4 izatetik 5 izatera igaro da, CUP 2 eserlekurekin estreinatu da, eta BNG diputatu batekin itzuli da Kongresura.
Diputatu kopurua handitzeko eta blokeoari irtenbidea emateko asmoz erabaki zuen PSOEk hauteskundeak errepikatzea, baina apustua gaizki atera zaio Pedro Sanchezi. Alderdi Sozialistak behera egin du eta panorama politikoak berdin jarraitzen du.
PSOE, Unidas Podemos eta Mais Pais alderdiek bat eginda ere, bloke progresistak ez luke gehiengo absolutua (176) lortuko, ezta eskuinak ere ez, PPk, Voxek eta Ciudadanosek 150 diputatu eskuratu baitituzte.
Horrela, bada, gobernatu nahi badu, Sanchezen aukerak bi dira oraingoan ere: alderdi independentisten babesa bilatu edo eskuinera bira egin eta PPren abstentzioa lortu.
EAJ eta EH Bildu, garaile
Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza bat lortu du eskuinak. Hauteskunde gaueko emaitzen arabera PPk ordezkaritzak ez bazuen ere, atzerrian emandako botoen zenbaketak dipututa bat eman dio Bizkaian Alderdi Popularrari EAJren kaltetan.
Boto-kopuruari begiratuta behera egin badu ere, EAJk irabazi ditu hauteskundeak EAEn eta 6 ordezkari lotu dut, apirileko hautekundeetan bezala.
EH Bilduk PPri Araban kendu zion eserlekuari eutsi dio, eta 5.a lortu du Nafarroan. Beraz, Bel Pozueta koalizio soberanistaren ordezkaria izango da Madrilen. PPk ordezkari bat lortu du Bizkaian.
Horrela, EAJk eta EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu dituzte, eta talde propioa izango dute Kongresuan, bai batak bai besteak.
Bestalde, Navarra Suma eskuineko koalizioa gailendu da Nafarroan eta bi ordezkari izango ditu berriro Kongresuan.