Hauteskunde Orokorrak -
Nafarroa
Emaitzek blokeo egoera gainditzea ahalbidetzeko itxaropena agertu du Chivitek
Nafarroako Gobernuko presidentearen ustez, parte hartzea zenbat eta altuagoa izan, orduan eta zilegitasun handiagoa izango dute emaitzek.
Agentziak
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak (PSN) hauteskundeetan parte hartzeko deia egin du Gorraizko hauteslekuan botoa eman ondoren, eta bozetako emaitzek blokeo egoera gainditzea ahalbidetzeko itxaropena agertu du.
Parte-hartzea zenbat eta altuagoa izan, orduan eta zilegitasun handiagoa izango dute emaitzek, eta, beraz, "garrantzitsua da gaur bozkatzera joatea eta jendea mobilizatzea".
Hauteskunde hauetan, jokoan dago "gizarte gisa aurrera egiten jarraitzeko aurrerapeneko gobernu bat izatea edo hiru eskuindarren gobernu bat izatea". Bigarren aukerak "eskubideen eta demokraziaren inboluzioa ekar dezake, alderdi politikoak legez kanpo uzteko proposamenak ere entzun ahal izan ditugulako".
Horrenbestez, Nafarroan eguraldi txarra egin arren, "espero dugu parte-hartze handia izatea, dena normaltasun osoz gertatzea" eta "gaur emaitza onak izatea".
Horren ildotik, "argi eta garbi bereizitako bi bloke" egongo direla uste du, baina espero du "herritarrek emango diguten erantzuna argiagoa" izatea, "hurrengo gobernuan blokeorik egon ez dadin".