Hauteskunde Orokorrak -

ETB2-ko debatea

Gobernuan zer egin nahi duen argitzeko eskatu diote alderdiek Sanchezi

Espainiako Estatuan faxismoak izan duen gorakada, gobernagarritasuna, Katalunia eta lurraldetasun gatazkak, pentsioak eta enplegua izan dira debatean jorratu dituzten gai nagusiak.

Hautagaiak, debatean. Argazkia: EiTB
Hautagaiak, debatean. Argazkia: EiTB
Hautagaiak, debatean. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorretan EAEn aurkeztuko diren hautagai nagusiak ETB2ko debatean elkartu dira gaur (bihar, 22:00etan, ETB1en), igandeko bozketarako herritarrei gauzak argitzeko asmoz.

Debatean hainbat gai jorratu dituzte, baina nagusiak faxismoak izan duen gorakada, gobernagarritasuna, Katalunia eta lurraldetasun gatazkak, pentsioak eta enplegua izan dira.

Hori horrela, Xabier García Ramsdenek bideratutako eztabaida Voxi buruzko galdera batekin hasi da.

Aitor Esteban EAJren hautagaiak azpimarratu du "Vox bere lekuan" jarri beharra dagoela, eta "kezkagarria" dela "PP eta Ciudadanos isilik" egotea horren aurrean, eskuin muturraren diskurtsoak kalera iristen direlako. Bestalde, elkartasuna helarazi dio faxista baten mehatxuak jaso dituen Andoni Rojo EH Bilduko kideari.

Patxi Lopez PSE-EEkoak argi adierazi nahi izan du Vox “XXI. mendeko faxismoa” dela, baina ohartarazi du independentistak ilegalizatu nahi dituzten moduan, gero sozialistak legez kanporatu nahiko dituztela.

Juan Lopez de Uraldek (Elkarrekin Podemos) ere “kezka” agertu du ultren presentziagatik, baina PSOEri leporatu dio “hegoak” eman dizkiola Voxi, Podemosi marra gorria jarri diolako eta hauteskundeak errepikatu direlako.

Oskar Matutek (EH Bildu) salatu du frankismoak “leku eta zilegitasun handiegia” duela Espainiako Estatuan: “Erakundeetan, Justizian, Guardia Zibilean, Polizian…”. Horren aurrean, “faxismoari elkar hartuta” aurre egin behar zaiola esan du.

Marimar Blanco PPren zerrendaburuak argitu nahi izan du ez dagoela EAJren ilegalizazioaren alde, eta erantzun du ez dutela Voxekin itunik egin, “baizik eta Ciudadanosekin”. Gainera, kritikatu du gainerako alderdiek ematen diotela hauspoa Voxi, eta horrekin lortuko dutena Araban “EH Bilduk irabaztea” izango dela.

Gobernagarritasuna

Gero gobernagarritasunaz hitz egiten hasi dira, eta hor, Uraldek esan du koalizio gobernua osatzeko prest daudela PSOErekin, baina “izan ditugun lau milioi botoak oparitu gabe”. Horregatik, Unidas Podemos indartsua aldarrikatu du azaroaren 11tik aurrera.

Horren aurrean, Lopezek erantzun dio Sanchezek koalizio gobernua eskaini ziola, baina Unidas Podemosek uko egin ziola. Bestalde, PPrekin ez duela negoziatuko hitzeman du.

Marimar Blancok, berriz, gogorarazi du PPk 11 Estatu itun eskaini zizkiola Sanchezi gobernua aurrera ateratzeko, eta jakinarazi du popularrek ez dutela abstentziorik emango Sanchezek “independentistekin eta EH Bildurekin” akordioa egiten badu.

Matutek PSOEri eta Elkarrekin Podemosi esan die Gobernua osatzeko izan duten ezintasunagatik barkamena eskatu beharko luketela, “akatsa onartu”. EH Bilduk, berriz, “kontzientzia lasai” omen du, “hitza bete” duelako, eta gobernu aurrerakoiari botoak emateko prest agertu da, baina beti ere Gobernuak “plurinazionaltasuna eta demokrazia” babesten baditu, ez “Voxen eta PPren politika berak” aurrera eraman nahi baditu.

EAJren paperari dagokionez, Estebanek azpimarratu du lehenik Sanchezek “egoera argitu” behar duela, batean “eskuindarren abstentzioa” eskatzen duelako, eta bestean “ezkertiarren bidea defendatzen duelako”. Horregatik, “mezu argiak” eskatu dizkio, “zer egin nahi duen argitzeko”.

Katalunia

Kataluniari dagokionez, Lopez de Uraldek salatu du asko “polarizatu” direla diskurtsoak, eta hor “zaila” dutela “elkarrizketaren” alde egiten dutenek. “PSOE eskuinera doa gai horretan zentroaren bila, eta zaila izango da akordioa egitea horra badoa. Nazio aniztasuna eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko, beharrezkoa da UP indartsua izatea Kongresuan”, azaldu du.

Matutek azpimarratu du Katalunia dela “eszenatokia, baina ez sakoneko arazoa”. “Arazoa da Estatuak ez duela nazio aniztasuna ulertzen, eta orain zentralizazioa” datorrela, EH Bilduren hautagaiaren arabera. Matutek uste du ‘proces’ekoen kartzelatzeak agerian uzten duela “Espainia ez dela gai gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzeko”. “Ez du lortuko askatasun aldarria borrekin gelditzea”, gaineratu du, eta kritikatu du Unidas Podemosek “jarrera otzana” duela erabakitze eskubidearen aurrean.

Estebanek berretsi du ‘proces’aren ebazpena Europak ez duela “ulertzen”, eta “egurra emateak” ez duela ezer konpontzen. Euskal Herriari dagokionez, “nazio aitortza, aldebitasuna eta epaile neutrala” izatea eskatu du. Bere esanetan, beharrezkoa da "proposamenak egiteko jarrera" izatea, guztien partetik, eta "posible diren bideetatik".

Marimar Blancok “legea betetzen dela bermatzea” exijitu du, eta hor poliziak jokatu duen papera eskertu du, bere iritziz Sanchezek ez baitu “ezer ere egin”.

Patxi Lopezek “ordena eta elkarrizketa” eskatu ditu Kataluniako arazoa konpontzeko, “milaka pertsonak protesta egitea arazo politiko baten adierazpidea” delako. Baina Torra presidenteari esan dio “biolentoak xaxatu nahi baditu, dimititu dezala”. Hala, ere, erreferendumaren aukera babestu du Lopezek, baina akordio baten inguruan, “erreferendum binarioen aurka” baitago, “erdiak kanpoan” uzten dituela iritzita.

Proposamenak

Eztabaidaz harago, zein proposamen zehatz duten galdetu die Ramsden moderatzaileak hautagaiei, eta Matute hasi da esaten “atea itxita” duten gaiak atera nahi dituztela Kongresuan: monarkia, mozal legea, webguneen itxiera… Era berean, pentsionisten duintasuna, soldata arrakala amaitzea eta Euskal herriak erabakitzeko eskubidea izatea defendatuko omen dute.

Marimar Blancok enpleguaren sorkuntzan, pentsioetan eta zerbitzu publikoetan jarri du azpimarra. Horrekin batera, jaiotza-tasa handitzea, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta aukera berdintasuna aipatu ditu, eta azkenaldian puri-purian dagoen okupen gaiari helduko diotela hitzeman du.

Zerrendaburu jeltzaleak, Estebanek, ere pentsioak aipatu ditu, eta KPIren arabera igotzea defendatu du. Bestalde, industriaren sektoreak klima aldaketaren konpromisoekin bat egiteko neurriak hartu behar direla adierazi du. Azkenik, euskal nazio izaeraren aitortza lortzeko lan egingo dutela esan du.

Patxi Lopezek uste du lurraldetasuna dela gai nagusietako bat, eta “aniztasuna errespetatzen” ez den bitartean zaila dela bizikidetza indartzea. Enpleguaz, lanpostu duinak sortzeko erronka jarri du; eta pentsioak ere aipatu ditu kezka edo gai nagusi bezala.

Elkarrekin Podemosen zerrendaburuak agenda soziala, ekologista eta feminista defendatu ditu, “pentsio minimoa 1.080 eurokoa” izatea eta “gutxieneko soldata 1.200 eurokoa”. Klima aldaketari dagokionez, energiaren enpresa publikoa sortzea proposatu du, trantsizio ekologikorako bidean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Hauteskunde inkestak Senatua Más País