Hauteskunde Orokorrak -
Nafarroa - 3. eguna
Gobernuan sartzea lortzen badu Justizia aldatuko duela agindu du Unidas Podemosek
Navarra Sumak "boto baliagarria" eskatu du, PSNk PPren jendea desmobilizatzeko kanpaina salatu du, EH Bilduk ez du jendea lasaitzerik nahi, eta Geroa Baik eserleku bat lortzea espero du.
agentziak
Carlos Garcia Adanero Kongresurako Navarra Sumaren hautagaiak Tafallan, hauteskunde orokorretarako egindako ekitaldi batean, esan du azaroaren 10ean plataformari emandako botoa "boto baliagarria, koherentea eta printzipioekin bat egiten duena" dela.
Hautagaiak Maria Chivite presidenteari aurpegiratu dio Espainiarentzat Nafarroako Gobernuaren parekoa nahi izatea, "nazionalistek eta independentistek babestutako gobernu sozialista", eta horrek "agerian" uzten duela "beharrezko botoa, boto konstituzionalista, eta gobernu mota hori galaraziko duena, Navarra Sumari emandako botoa" dela.
Gaineratu duenez, Navarra Sumaren aldekoa "koherentziaren botoa" da, "Nafarroa bere eskubide historikoekin desberdindutako erkidego politikoa dela oso argi duena, baina Espainiaren barruan, nafar baina espainiar sentitzeaz harro dagoen botoa".
Garcia Adaneroren hitzetan, azaroaren 10ean Sanchezi, Chiviteri, PSNri eta PSOEri esan behar zaiona zera da: "Gobernu konstituzionalistak nahi ditugu, eta ezin da bakarrik egon Gobernua gidatzeko, Nafarroa erkidego bereizi gisa desagertzea eta etorkizunean independentzia bilatzeko herrialdea ahultzea helburu dutenetan oinarrituta".
PSN
PSNko hautagaiak, Santo Cerdanek, PPk desmobilizazioa eragiteko egindako “b kanpaina" salatu du, eta, ildo horretan, UPNri galdetu dio ea "hauteskundeen desmobilizazioa babesten duen" eta ea Voxen politikak babesteko prest dagoen, Navarra Suman dituen kideek egiten duten moduan.
Cerdanek "erantzun argia" eskatu du horren aurrean; izan ere, hala bada, UPNk, bere bazkideek bezala, Pablo Casado presidente izateko eta Santiago Abascal eskuin muturreko ultraeskuindarra presidenteorde izateko asmoa duela uste du.
"Abascalen alde egiteak esan nahi du Voxekin batera Andaluzian, Madrilen edo Murtzian partekatzen dituzten politikekin jarraitzea, genero indarkeriaren aurkako borroka hutsaltzen duten politikekin, sexu aniztasunaren aurka, eta klima aldaketaren aurkako borrokaren kontra kokatzen direnekin", zehaztu du, eta gaineratu du "atzerapauso larri horren aurrean" Nafarroako gizarteak ondo entzun behar duela zein izango den Navarra Sumako diputatuen jarrera.
Unidas Podemos
Ione Belarra Kongresurako Unidas Podemoseko hautagaiak bere alderdiak "Justizia independentea, proportzionala eta joera matxistarik gabekoa" lortzeko bete dezakeen zeregina aldarrikatu du igande honetan.
Nafarroako Auzitegiaren aurrean, hautagaiak "gure herrialdeko justiziaren erreforma sakona" defendatu du; izan ere, La Manadaren epaiaren eta Altsasukoen kasuaren ondoren, "argi geratzen da gogor lan egin behar dugula justizia independentea, proportzionala eta joera matxistarik gabekoa lortzeko", Belarreren esanetan.
Unidas Podemosen hautagaiarentzat, "babes handia duen Elarrekin Podemos indartsu batek baino ezin du PPren eta PSOEren arteko koalizio handia geldiarazi eta Gobernutik aldaketa horiek sustatu", eta, gainera, "gure herrian frankismoaren biktimek justizia lortu ahal izatea behar dugu, eta Martin Villa bezalako kriminalak epaitzea ".
EH Bildu
Bel Pozueta EH Bilduren Kongresurako Nafarroako hautagaiak "pultsua amaierara arte mantentzearen, guardia ez jaistearen eta boto euskaltzale, aurrerakoi, feminista, solidario, subiranista eta ezkertiar bakar bat ere azaroaren 10ean etxean gera ez dadin lan egitearen" alde egin du.
Elizondon egindako ekitaldian, Oihan Mendo Senaturako hautagaiarekin batera, Pozuetak esan du inkestek emaitza onak ematen badizkiete ere, ez direla fio.
Horregatik, aste honetan "azken esfortzua" egiteko eskatu die EH Bilduko jarraitzaileei, "funtsezkoa delako" Madrilen Nafarroaren ahots propioa izatea, "Estatuko alderdi handien irizpidearen mende ez dagoena".
Geroa Bai
Maria Solana Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak adierazi duenez, "eserleku bakar bat funtsezkoa izan daiteke gobernu aurrerakoia osatzeko gehiengoen jokoan", eta Madrilen "Estatu mailako alderdien interesen eta dinamiken menpe ez dagoen ahots argi eta sendoa" egon behar dela azpimarratu du.
Geroa Baik Baluarten egin duen kanpainako ekitaldi nagusian, Esther Cremaes Senaturako hautagaia eta Uxue Barkos Nafarroako Parlamentuko bozeramailea aldamenean zituela; Solana ziur agertu da "maiatzeko foru hauteskundeetan koalizioari botoa eman zioten milaka nafarren konfiantzaz" eserlekua lortuko duela.