Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hasiera
Apirilean galdutako eserlekuak berreskuratzea jarri du helburutzat PPk
"Espainiako Gobernu berria Bildu eta Podemosen esku egotea dago jokoan", adierazi du Alfonso Alonsok Bilbon egindako ekitaldian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den apirilaren 28an galdu zituen bi eserlekuak berreskuratzea izango da Euskadiko PPren erronka nagusia azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan.
Hala adierazi du Alfonso Alonso presidenteak, eta hauteskundeen errepikapena PPrentzat galdutako tokia berreskuratzeko bigarren aukera dela eta hori "aprobetxatu" egin behar dela azpimarratu du.
Alderdi Popularrak Bilbon egin du kanpainaren hasierako ekitaldi politikoa. Han izan dira Marimar Blanco (Araba), Bea Fanjul (Bizkaia) eta Iñigo Arcauz (Gipuzkoa) Kongresurako zerrendaburuak. Amaya Fernandez, Iñaki Oyarazbal eta Raquel Gonzalez alderdiko buruzagiak ere bertan izan dira. Borja Semperrek ez du ekitaldia parte hartu.
Apirilaren 28ko hauteskundeetan PP eserlekurik gabe geratu zen Araban eta Bizkaian. Alonsok argi adierazi du galdutako lekua berreskuratzea dela helburua eta herritarrei PP bozkatzeko eskatu die.
"Oraingoan bai. Botoz boto joan behar dugu Euskadin galdu dugun tokia berreskuratzeko", esan du.
Horrez gain, PPk ezik, Legebiltzarreko talde guztiek Pedro Sanchezi babesa emango diotela ziur agertu da Alonso.
"Espainiako Gobernu berria Bildu eta Podemosen esku egotea dago jokoan; dena gaizki doa, Katalunian ez dute legea errespetatzen, ekonomia okerrera egiten ari da eta Pedro Sanchezek ez du ezer egiten", adierazi du.