Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hasiera
Mendiak uste du PSOE dela 'eskuindarrak' gelditzeko aukera bakarra
Ohartarazi duenez, PPk, Ciudadanosek eta Voxek Gobernua osatuz gero, Espainiak Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin duen "arrakala handitu" egingo da.
agentziak | erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak esan du ezkertiarren "zatiketek" eta nazionalismoek ez dituztela azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak irabaziko. Ohartarazi du PSOE dela eskuindarrak "gelditzeko" aukera bakarra, eta eskuindarrek aginduz gero, Espainiak Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin duen "arrakala handitu" egingo dela eta askatasunak "murriztu" egingo dituztela.
Mendia Gasteizen izan da, PSOEren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuekin batera, hauteskunde kanpainaren hasiera ekitaldian, eta Pedro Sanchez jarduneko presidente eta hautagaia babestu du "aurrerakuntza, egonkortasun eta koherentzia" berme gisa.
PSE-EEren buruak azpimarratu du Sanchez "garai korapilatsuetan neurritsua" izan dela, eta datorren Gobernua sozialista ez bada, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako "eskuindarra" izango dela.
Mendiak esan du PSOEren hautagaiek "banderak eta sentimenduak astindu" eta "eskubideak eta askatasunak murriztu" nahi dituztenei aurre egingo dietela.
Bestalde, Elkarrekin Podemosen jarrera kritikatu du, "Colongo hirukoa" (PP, Ciudadanos eta Vox) galaraziko zutela esan zuelako, baina gero ez zutelako Gobernu aurrerakoia babestu. "Arrazoi horrengatik bozkatuko dugu 10ean", adierazi du.
Mendiak uste du orain, berriz, Elkarrekin Podemosek ez duela Gobernu aurrerakoia osatzeko helbururik, PSOE "ahultzea" baizik. Horregatik, ohartarazi du "PSOE bozkatzen ez bada, aukera aurrerakoi bakarra ahuldu eta eskuindarrak indartu" egingo direla.