Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hasiera
Egungo egoeraren errua Sanchezi egotziz hasi du kanpaina Elkarrekin Podemosek
Lander Martinezen ustez "porrot politikoa" da Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak elkarrizketari uko egin izana Kataluniako krisia konpontzeko.
agentziak | erredakzioa
Lander Martinez Podemos Euskadiren idazkari nagusiak uste du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen "porrot politikoa" izan dela elkarrizketari uko egitea Kataluniako krisia konpontzeko, eta "eskuindarren diskurtsoa kopiatzera" mugatu dela salatu du.
"Egunero ikusten dugu lurralde krisia bide demokratikoetatik eta elkarrizketarekin konpontzeko borondaterik ez dagoela", kritikatu du Martinezek Elkarrekin Podemosen hauteskunde orokorretarako kanpainaren hasiera ekitaldian, Gasteizen.
"Kataluniarentzako errezeta 155. artikulua, Segurtasun Nazionalerako legea eta poliziaren indarkeria direnean, demokraziaren porrota da lehenik, baina baita Pedro Sanchezena ere", azpimarratu du.
Espainiako Estatua "atzeraldi demokratikoan" dagoela eta eskubideak eta askatasunak murrizten, eta protestak, adierazpen askatasuna eta manifestazioak kriminalizatzen ari direla ohartarazi du.
"Alderdibitasunak gelditzen jakin ez zuen krisitik jaio ginen, eta datozen erronken aurrean jendea babestuko dugun bakarrak gara", gaineratu du.
Pilar Garridok, bere aldetik, esan du oso garrantzitsua dela Elkarrekin Podemos indartsu egotea Gobernu berria bidera dezan, eta Lopez de Uraldek gaitzetsi du Sanchezek koalizio morea makurtuta ikusi nahi zuela, baina ez duela lortu.
"Orain hemen egotearen arduradun bakarrak Pedro Sanchez du izena", azpimarratu du Equoren buruzagi ohiak, Sanchezek eskuinarekin ituna egin ez dezan ezkertiarren, PSOEko jarraitzaileen, ekologisten eta abertzaleen botoa eskatu aurretik.
Hauteskunde kanpainaren hasierako ekitaldian parte hartu dute Lander Martinezekin batera Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuek, Juantxo Lopez Uraldek, Roberto Uriartek eta Pilar Garridok, hurrenez hurren (aurreko hauteskundeetan aurkeztu eta eserlekua lortu zuten berberek).
Elkarrekin Podemosek 224.000 bototik gora lortu zituen EAEn aurreko bozetan, lau diputatu (bi Bizkaian, bat Araban, eta bestea Gipuzkoan).