Hauteskunde Orokorrak -
Auzitegi Gorena
Kataluniako preso hautatuei espetxetik ateratzeko baimena eman diete Gorteak osatzeko
Oriol Junqueras-ek, Jordi Turull-ek, Jordi Sanchez-ek, Josep Rull-ek eta Raul Romeva-k Kongresua eta Senatua osatzeko bilkuretan parte hartuko dute maiatzaren 21ean.
Agentziak | Erredakzioa
Behin-behinean preso dauden Kataluniako buruzagi independentistetako bost hautatuei espetxetik ateratzeko baimena eman die Auzitegi Gorenak, datorren maiatzaren 21ean Kongresua eta Senatua osatzeko egingo diren bilkuretan parte har dezaten.
Askatasun eskaera, baina, ukatu egin die Auzitegi Gorenak. Halaber, horiek epaitzen jarraitu ahal izateko Gorenak Kongresuari baimen formala eskatzeko beharra ukatu du.
Oriol Junqueras, Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Josep Rull Diputatuen Kongresurako hautatu zituzten eta Raul Romeva, ostera, Senaturako.
Jordi Pina (Sanchez, Rull eta Turullen abokatua) eta Andreu Van Den Eynde (Oriol Junqueras eta Raul Romevaren abokatua) defentsa abokatuek idatzi bat aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean bost kideok aske uzteko.
"Bidean behar bezala zaintzeaz gain, Kongresuaren eta Senatuaren osoko bilkuren aretoetan horien segurtasuna babesteko neurriak hartu beharko dituzte. Bilkura amaitu bezain laster espetxera bueltatu beharko dira", Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera.