Hauteskunde Orokorrak -

A28

Katalunian 155a berriro ezartzeko babesa eskaini dio Riverak Sanchezi

Ordubetera heldu ez den bilera batean, Sanchezi bere inbestiduraren alde egingo ez duela baieztatu dio Ciudadanoseko buruzagiak, eta 'oposizioko buru' gisa jardungo duela.

Pedro Sanchez eta Albert Rivera, Moncloan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Albert Rivera, Moncloan
Pedro Sanchezek Albert Rivera hartu du, Moncloan

0:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Halabeharrez jarri beharreko irribarre bakanekin eta bosteko azkar batekin. Horrelaxe abiatu da Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta hautagaiaren eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiaren arteko bilera. Batzarrak ez du luze jo, eta 50 minuturen buruan azaldu da Rivera komunikabideen aurrera.

Prentsaurrekoan azaldu duenez, Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua berriro ezartzeko Ciudadanosen senatari eta diputatuen babesa eskaini dio Sanchezi.

Horrez gain, Sanchezen inbestiduraren kontra bozkatuko duela ere argitu dio, eta "oposizioko buru" gisa jardungo duela nabarmendu du. "Oposizio sendo bat, PSOEk eta Podemosek osatuko duten gobernua kontrolatuko eta zainduko duena, baina Estatuari leial izango dena", erantsi du.

Riveraren hitzetan, buru duen alderdiak "motxilarik gabe, eta ustelkeriatik urrun, libre" jardungo du, PPri erreferentzia argia eginez.

Halaber, sozialistei lau gai garrantzitsuen inguruan estatu ituna proposatu diela esan du Riverak, "ideologiarik ez" dutela azpimarratuta. Aurrena, Hezkuntzaren aldeko itun bat proposatu du; bigarrenik, despopulazioaren aurka borrokatzeko akordioa egitea eta batzorde parlamentario bat osatzea aipatu du. Hirugarren ituna immigrazioari buruz egin behar dutela uste du Riverak, lan egitera datozenen egoera arautzeko. Segurtasuna eta terrorismoaren kontrako borroka aipatu ditu Riverak laugarren gai gisa.

Espainiako Gobernuak, bestalde, esan du Riverarekin egindako bilerak "hartu-emanak normaltzeko eta elkarrizketa eremua zabaltzeko" balio izan duela. Sanchezek Casadorekin egindako batzarraren antzeko balorazioa egin du, beraz, Moncloak.

Moncloatik gogorarazi dutenez, Riverak eta Sanchezek ez dute hauteskunde ondoko itunez berba egin, baina Ciudadanoseko buruak argi utzi dio hautagai sozialistari ez duela bere inbestidura babestuko.

Albert Rivera.

Rivera, hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Alderdi Sozialista Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainia argazkiak Pablo Iglesias politikari ohia Pedro Sánchez albisteak Ciudadanosi buruzko albisteak Albisteak Gaur Albisteak Podemos berriak Albert Rivera bideoak Hauteskundeak