Hauteskunde Orokorrak -
A28
PPko buruzagiek Casadoren kanpaina kritikatu baina M26ra begira 'tregoa' eskatu dute
Buruzagi 'popularrak' hitzaldia egingo du gaur Batzorde Exekutibo Nazionalean. PPko kideek 'autokritika' eta hurrengo hauteskundeei begira 'akatsak zuzentzea' espero dute.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Casadok apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako egindako kanpaina "txarra" kritikatu dute Alderdi Popularreko buruzagiek, Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan. Horien ustez, PPko burua "zentroaz ahaztu da eta Voxekin lehian aritu da". Akatsak gorabehera, eta maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen eta Europako hauteskundeen aurrean porrota handiago izan ez dadin, "tregoa" eskatu dute.
Casadok hitzaldia egin behar du gaur alderdiaren Batzorde Exekutibo Nazionalean. Barne kritika gutxi espero dituzte agentziak elkarrizketatuko kideek, baina Casadok "autokritika" egingo duelakoan daude.
Horien ustez, "gauzak ondo" egiten badira kanpainan, eta "akatsak zuzentzen" badituzte, hobeto egingo diete aurre maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeei. Gauzak aldatzen ez badira, ordea, Casado "oztopo" bihurtuko da hautagai askorentzat.
"Erne jarraitu behar dugu", nabarmendu du goi buruzagi batek, "udal eta erkidegoetan hondamendia saihestu behar dugu", erantsi du. "Norabide berean egin behar dugu denok", esan du beste batek.
Dena dela, "autokritika eta umiltasuna" eskatu dizkiote Casadori. Izan ere, "estrategia akatsak" egin ditu zuzendaritzak, "Voxekin lehiatuta, Senatuaren garrantzia gutxietsita edo Adolfo Suarez Illana edota Juan Jose Cortes fitxatuta".
"Zentroko boto-emailea Ciudadanosera joan da"
Galdetutako gehienen aburuz, Casado "zentroaz ahaztu da eta eskuinera jo du".
"Zentroko diskurtso batekin emaitza hobeak edukiko genituzkeen. Ikaragarria da, Casadok zentrista bihurtu du Sanchez", deitoratu du buruzagi popular batek. Hori horrela, boto-emaile askok Ciudadanosen alde egin dutela azpimarratu dute.
Alfonso Alonso Euskadiko PPko buruak publikoki esan du zentroa berreskuratu behar dela. "Emaitza txar hauen ostean, gogoeta egin behar dugu, PP zentroko indar politiko indartsua izan dadin berriro".
Alfonso Alonso, hauteskunde gauean. Argazkia: EFE
Estilo "latza", kritiken jomuga
Aipatutakoez gain, Casadoren "estilo latza" kritikatu dute PPko buruzagiek, batez ere lehen hilabeteetakoa. Pedro Sanchezi "traidore eta azpisuge" deitu zion, adibidez.
Bakanen baten ustez, "liberaltzat" du bere burua Casadok, baina hitz hori ez dago PPren estatutuetan jasota ("zentro erreformista" da aipatzen den terminoa).
Badira kritika gehiago. Beterano asko bazter utzita, zerrendetan bere ildokoak bakarrik jarri dituela salatu dute: "Eskarmentu handiko jendea kanpoan utzi dute, asko minduta daude. Hori ez da Alderdi Popularraren estiloa".