Hauteskunde Orokorrak -
A28
Ciudadanosek Sanchez oposiziotik zelatatuko duela adierazi du Riverak
Ciudadanoseko presidentearen ahotan, gaueko “albiste txarra” PSOEko buruzagiak eta Podemoseko idazkari nagusiak “abertzaleekin Gobernua osatuko dutela da”.
Agentziak | Erredakzioa
Igande honetako hauteskunde orokorretako emaitzak kaleratu ondoren, alderdi laranjak Pedro Sanchez PSOEko presidentegaia oposiziotik zelatatuko duela ziurtatu du Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak. Gainera, Ciudadanosek “laster” gobernatuko duela iragarri du Riverak.
Ciudadanoseko egoitza nazionalaren ate aurrean, alderdi laranjako ehunka afiliatu zain zituen Riverak, alderdiko banderak astintzen eta “presidente” oihukatzen.
Hauteskundeetako garaipenagatik Sanchez zoriondu ondoren, gaueko “albiste txarra” PSOEko buruzagiak eta Podemoseko idazkari nagusiak “abertzaleekin Gobernua osatuko dutela da”, esan du alderdi laranjako buruzagiak.
Horren aurrean, “albiste ona” Ciudadanosek 2016an baino % 80 eserleku gehiago (32tik 57ra) lortu dituela goraipatu du. Alderdi laranja “proiektu konstituzionalistaren etxe komuna” bihurtu dela defendatu du Riverak. Botoen kopuruari dagokionez, PPrekin berdinduta dagoela eta zenbait erkidegotan gainditu duela nabarmendu du.
“Konstituzioa, merkatu ekonomia, Europa, gizartearen ongizatea eta Espainiari leial, oposizioa” egitea agindu du Riverak. “Gobernatuko dutenak gertatutik zelatatuko ditugu” eta “oposizioko liderrak Ciudadanoseko diputatuak izango dira”, nabarmendu du.