Hauteskunde Orokorrak -
ATRESMEDIAKO EZTABAIDA
Zakarragoa eta bortitzagoa izan da lauko bigarren eta azken eztabaida
Debate dinamikoa izan da, hautagaiak elkarri hitza zapalduz aritu dira askotan, eta gezurra esatea ere leporatu diote elkarri.
AGENTZIAK
Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako kanpaina betean, bart egin da Moncloarako lau hautagai nagusien arteko bigarren eta azken lauko eztabaida, Atresmedian. Oro har, bezperakoa baino zakarragoa eta bortitzagoa izan da. Liskar giroa nagusitu da, Pedro Sanchezen eta Pablo Casadoren eta Albert Riveraren artean. Sanchezen aurka ez ezik, azken bi horiek elkarri mokoka aritu dira, eskuineko buruzagitzaren lehian.
Katalunia, emakumeen kontrako indarkeria eta hauteskundeen osteko balizko itunak izan dira telebista eztabaidako hiru ardatz nagusiak. Gai horiek izan dira, hain zuzen ere, Pedro Sanchezen (PSOE), Pablo Casadoren (PP), Pablo Iglesiasen (Unidas Podemos) eta Albert Riveraren (Ciudadanos) artean aurrez aurreko nabarmenenak eragin dituztenak.
Debate dinamikoa izan da, eta denetarik izan du: gezur akusazioak, ika-mika dialektikoak eta hautagaien arteko etenak.
Hautagaien tonuari erreparatuta, Pedro Sanchezek erasoei erantzun die, Pablo Casado bezperan baino erasokorrago aritu da, Pablo Iglesias izan da guztietan tonu lasaiena izan duena eta Albert Rivera antzera ibili da, bizi eta aktibo.
Albert Rivera eztabaida ia guztietan egon da. Pedro Sanchezi independentistekin itunak egitea egotzi dio, eta Pablo Casadorekin, ostera, eutanasiaren, abortuaren eta zergen inguruan eztabaidatu du. Pablo Casado aurrez aurre borrokatu da, bezperan ez bezala. Casado eta Rivera xextran aritu dira, baina gerora bat egin dute Sanchezi eraso egiteko. Besteak beste, independentismoaren edo EH Bilduren aurrean errenditzea egotzi diote. Pedro Sanchezek aurrez aurreko gogorrak izan ditu Casadorekin eta Riverarekin, bere burua defenditzeko eta ultraeskuinarekin itunak egiteko prest daudela aurpegiratzeko. Pablo Iglesiasek, aldiz, tonu leuna erabili du, besteen gainetik hitz egiteagatik Riverari "lotsagabe" deitu dionean izan ezik. Podemoseko burua moderatzaile eta bakegile gisa aritu da une askotan, eta neurriz jokatzeko eskatu die gainerakoei behin eta berriro. "Antzezten ari zaretela uste dut, eta jendea konturatu egiten da", ohartarazi die.
Horrela, hautagai bakoitzaren proposamen zehatzak bigarren maila batean gelditu dira.
Bezperan RTVEko eztabaidan ez bezala, Pedro Sanchezek Ciudadanosekin ituna egitea baztertu du, Pablo Casadok uko egin dio esateari Voxekin itunik egingo duen, Pablo Iglesias PSOErekin gobernua osatzeko prest agertu da, eta, azkenik, Albert Riverak eskua luzatu dio PPri, liskarrak liskar, gobernu konstituzionalista bat osatzeko.
Euskal Herriari erreferentzia zuzenik egin ez arren, Riverak eta Casadok behin baino gehiagotan aipatu dituzte Mendia, Otegi eta Egiguren.
Eztabaidan parte hartu ez duten EAJk eta EH Bilduk nabarmendu dutenez, estatu mailako alderdiek ez dute Euskal Herrirako proposamenik egin.