Hauteskunde Orokorrak -
A28
Jordi Sanchez PSOEren 'lankidea' izateko prest, erreferenduma egitea ahalbidetuz gero
Junts Per Catalunyako Bartzelonako zerrendaburuak eskua luzatu dio alderdi sozialistari, baina Kataluniako egoerari irtenbide bat adosteko eskatu dio Pedro Sanchezi.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Sanchez JxCATeko Bartzelonako zerrendaburuak elkarrizketarako eskua luzatu dio ostegun honetan alderdi sozialistari, eta PSOEren “lankide egonkorra” izateko aukera aztertu du, Pedro Sanchezen gobernuak erreferenduma egitea ahalbidetuz gero. Hala, apirilaren 28ko Hauteskunde Orokorren ostean, Kataluniako egoerari irtenbide bat adosteko eskatu dio PSOEri.
Espainiako Hauteskunde Batzordeak baimena emanda, EFE albiste agentziak Hauteskunde Orokorrekin lotuta antolatutako prentsaurreko batean parte hartu du Jordi Sanchezek, bideokonferentzia bidez. Igandean, Kataluniako berri agentziari elkarrizketa emateko baimena ere jaso du JxCATeko Bartzelonako zerrendaburuak.
Jordi Sanchezek azpimarratu duenez, “Katalunian erreferendum bat egiteko beharra mahai gainean jarri behar da”. Gauzak horrela, JxCATek irtenbide bat inposatuko ez duela ziurtatu du Sanchezek, baina "elkarrizketarako baldintzarik ere ez duela onartuko”. Hala, herritarrek “erabakitzeko aukera izan dezaten” eskatu dio alderdi soalistari. “PSOEk lankide egonkor bat behar du datozen lau urteetan arazorik gabe gobernatu ahal izateko”, gaineratu du Jordi Sanchezek, eta “arduraz jokatzeko” eskatu dio alderdi sozialistari.
Gauzak horrela, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean Kataluniako auziarentzat irtenbide bat adostu eta erreferendum bat egitea onartzeko eskatuko dio JxCATek alderdi sozialistari.