Hauteskunde Orokorrak -
Ekitaldia Gasteizen
EAJri botoa emanez Euskadiren alde 'pedalei eragitea' eskatu du Ortuzarrek
Era berean, PSOEri ez, EAJri botoa ematea eskatu du Estebanek, Sanchezek “Moncloako besaulkia” nahi duelako bakarrik, eta zenbakiek ematen badiote “Ciudadanosekin ituna itxiko du”.
Agentziak | Erredakzioa
“Euskadiren alde pedalei eragitea” eskatu die Andoni Ortuzar EBBko presidenteak herritarrei, EAJk soilik “defendatzen” duelako Madrilen, eta horregatik, boto jeltzaleak “balio bikoitza” du.
Gainera, boto jeltzalearekin “ekaitzari sorbalda emango” diotela ziurtatu du Ortuzarrek, Pablo Casado PPko buruzagiaren “hodei beltzei”, Ciudadanosen “planteamendu birzentralizatzaileei” eta Voxen “inboluzioari”.
Era berean, Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburuak EAJren aldeko botoa eskatu du. PSOEri ez, EAJri botoa ematea eskatu du Estebanek, Sanchezek “Moncloako besaulkia” nahi duelako bakarrik, eta zenbakiek ematen badiote “Ciudadanosekin ituna egingo du, ez duelako Euskadin pentsatzen”. “EAJk markatutako eta xaxatutako PSOE bat edo solte eta bere kasa ari den bat, ez dira gauza bera”, nabarmendu du.
'Euskadik mugitzen gaitu. Zurea, gurea' lelopean, hauteskunde-kanpainari hasiera eman dio EAJk Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Mitinean Ortuzarrek eta Estebanek hitza hartu dute, baita Almudena Otaola (Araba) Senaturako hautagaiak eta Maribel Vaquero Gipuzkoako senatarigaiak ere.
Orain “hauteskunde kanpainak bata bestearen atzetik” datozela gogorarazi du EBBko presidenteak, eta hauteskundeok “alderdi gisa probatuko gaituzte”. “Notarekin gainditu behar ditugu, maila eman behar dugu”, gaineratu du.
Ortuzarren hitzetan, EAJk Euskadiren defentsan “ideiak argi” ditu, baita hautagai “apartak” eta programa “ona” ere, baina botoak bakarrik falta ditu. “Gaur eta orain gauzak ondo joateko aukerarik onena, alternatiba bakarra, Madrilen EAJ indartsu bat izatea da, pertsona kopururik handiena konbentzitu behar dugu”, esan du.
Horregatik, jarraitzaile eta afiliatu jeltzaleak mobilizaziora deitu ditu, “atariz atari, auzoz auzo, herriz herri lan egitera”. “Ez da botorik bidean galdu behar. Inkestek diotena ez sinetsi. Emaitza onak aurreikusten dizkigute, baina fidatzeko lo-belarra izan daiteke, loak hartzeko. Hautestontzietatik ateratzen diren eserlekuek bakarrik balio dute, ez inkestetakoak”, ohartarazi du.
Alderdiak seigarren diputatua eta Araban zein Gipuzkoan beste senatari bat lortu nahi dituela adierazi du. “Borroka latza izan behar da”, nabarmendu du. Horrela, “oinetako erosoak jantzi eta Euskadi osoan ibiltzeko garaia da”, erantsi du.