Hauteskunde Orokorrak -

A28

Alderdiek dena prest, hauteskunde kanpaina abiatzeko

EAEko indar politiko gehienek, PSE-EEk salbu, Gasteiz aukeratu dute kanpainari ekiteko. Estatuan, Pedro Sanchezek Sevillan egingo du ekitaldia; gainerako buruzagiek, Madrilen.

Apirilaren 28an egingo dira hauteskunde orokorrak. Artxiboko irudia: EFE
2015eko hauteskunde orokorretako hainbat boto-paper.
Apirilaren 28an egingo dira hauteskunde orokorrak. Artxiboko irudia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanpainaurrea aspaldi hasi bazen ere, gauerdian hasiko da ofizialki apirilaren 28ko hauteskunde kanpaina. Alderdiek eta hautagaiek ekitaldiz josita edukiko dituzte datozen 15 egunak, eta guztien abiapuntu izango dira gaur iluntze partean antolatuta daudenak.

EAEko alderdi gehienek Gasteiz aukeratuko dute kanpaina hasierako ekitaldiak egiteko. Elkarrekin Podemosek, duela hiru urte Euskadin bozak irabazi zituen indarrak, Gasteizko Jardines de Uleta hotelean egin du zita (19:30). Han izango da Lander Martinez alderdi moreko Euskadiko idazkari nagusia, Roberto Uriarte, Pilar Garrido eta Juantxo Lopez de Uralde, hurrenez hurren, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuak ondoan dituela.

EAJk ere Arabako hiriburua hautatu du (Andre Maria Zuriaren plaza, 21:00etan). Bertara biltzen diren jarraitzaile jeltzaleek honakoen hitzaldiak entzun ahalko dituzte: Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearena, Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuarena, eta Maribel Vaquero eta Almudena Otalora Senaturako hautagaienak (Gipuzkoatik eta Arabatik, hurrenez hurren).

EH Bilduk Gasteizko Azoka Plazan bilduko ditu boto-emaileak, 20:00etan. Arnaldo Otegi koalizio abertzaleko idazkari nagusia eta Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburua izango dira bertan hizlari.

Gainerako alderdiek ez bezala, Bilbon egingo du kanpaina hasierako ekitaldi politikoa PSE-EEk. 20:45ean Areatzako estalpean izango dira Idoia Mendia Euskadiko sozialisten burua eta Patxi Lopez Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua.

Alderdi Popularrak, azkenik, Gasteizko Canciller Ayala hotelean bilduko ditu jarraitzaileak, 19:00etan. Besteak beste, Alfonso Alonso Euskadiko PPko burua, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak —Javier Maroto, Beatriz Alvarez eta Iñigo Arcauz— hartuko dute hitza.

Kanpaina hasiera Nafarroan

Foru Erkidegoan ere hiriburua aukeratu dute alderdi gehienek kanpainari ekiteko. Navarra Sumak Gaztelu plazan jarri du hitzordua (19:00), eta han izango dira UPN, Ciudadanos eta PPNko ordezkariak.

Nafarroako Podemos Iruñea hautatu ez duen bakarra da, bi ekitaldi egingo baititu: bata Elizondon eta bestea, Antsoainen. Baztango hiriburukoa 19:45ean egingo dute, Kongresurako eta Senaturako hautagaiak eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea bertan direla. Ordu laurden geroago, 20:00etan, Antsoaingo Udaletxe plazan bilduko dira Ione Belarra, Gillen Carroza eta Ricardo Feliu Kongresurako eta Senaturako hautagaiak eta jarraitzaileak, kartelak jartzeko.

PSNk Iruñeko bere egoitzan bilduko ditu jarraitzaileak (20:00etan). Maria Chivite idazkari nagusiak eta Santos Cerdan eta Toni Magdaleno Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuek hitzaldia emango dute.

EH Bilduk ere ordu berean egingo du ekitaldia, Iruñeko Aduanako zokoan. Bel Pozueta eta Arturo Goldarazena, hurrenez hurren, Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak izango dira oholtza gainean.

19:00etan, Nafarroako Foruen monumentuan egin du hitzordua Geroa Baik; Uxue Barkos presidenteak, Anika Lujan eta Koldo Martinezek (Senaturako eta Kongresurako zerrendaburuak) hartuko dute hitza.

Pedro Sanchez, Dos Hermanasen

Estatu mailan, Madril izango da kanpaina hasieraren erdigunea. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren hautagaiak, ordea, toki sinbolikoa aukeratu du A28ko kanpainari ekiteko: Sevillako Dos Hermanas herria, PSOEko buruzagitza berreskuratzeko gurutzadari ekingo ziola iragarri zuen tokia, alegia. Susana Diaz edukiko du ondoan Sanchezek.

Pablo Casado PPko buruak Colonen, "Espainiaren batasunaren sinbolo bihurtu den plazan", ekin nahi zion botoa eskatzeari, baina eguraldi iragarpenak tarteko, Retiron egingo du ekitaldi nagusia. Adolfo Suarez eta Pio Garcia-Escudero izango ditu ondoan buruzagi popularrak.

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiek ere Madril aukeratu dute kanpaina abiatzeko, baita Santiago Abascal Voxeko presidenteak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Bilboko albisteak Iruñea azken orduko berriak UPN PSN Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainian Espainia albisteak Unidas Podemoseko buru ohia Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP Nafarroako Ciudadanos Ciudadanos Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea Podemos berriak Albert Rivera bideoak Euskadiko Podemos-eko albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Madril Hauteskundeak Pablo Casado albisteak Vox Santiago Abascal azken ordukoa