Hauteskunde Orokorrak -

KANPAINAREN BOSGARREN EGUNA

EH Bildu: 'Nafarroako aldaketaren eredua defendatuko dugu Madrilen'

Nagua Albak 'azken bultzada' eskatu du aldaketa oraingoan posible izan dadin; Joseba Egibarrek Podemosen "zehaztugabetasuna" kritikatu du; eta PPk "EAJko boto-emaile moderatuen" babesa eskatu du.

EH Bilduk dio euskal herritarren interesak defendatzeko bermea direla

1:00

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Ahal Dugu

Elkarrekin Ahal Duguk Sopela aukeratu du hauteskunde kanpainako bosgarren egun honetan, herritarrengana  hurbiltzeko. Kostako herri horretan  "itsasora begiratzen duen Euskadi bat" aldarrikatu du koalizioak, eta euskal portuen kudeaketa egun ez dela egokia esan du. Horri aurre egin eta kudeaketa zuzena agindu du Lander Martinez Elkarrekin Ahal Duguko Antolakuntza zuzendariak.

Merkataritzarako ez ezik,  itsasoa energia-iturri bezala ere erabili behar dela azpimarratu du Martinezek. Itsasotik gertu dauden herrietan izaten den espekulazioari ere, ezezko birobila eman behar zaiola adierazi du.  Ingurumenari kalte egiten dion espekulazio ekimen ororen aurka agertu da Elkarrekin Ahal Dugu.

Nagua Alba Kongresurako Elkarrekin Ahal Duguko Gipuzkoako zerrendaburuak ?azken bultzada? emateko eskatu die herritarrei, abenduaren 20an ?gutxigatik? lortu ez zen aldaketa oraingoan posible izan dadin.

Elkarrekin Ahal Duguk Tolosan egin du arratsaldeko ekitaldi politikoa. Albarekin batera, Eduardo Maura Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua eta Josetxo Arrietako Senaturako Gipuzkoako hautagaia izan dira.

"Abenduko hauteskundeetan berdinketa izan zen eta aldaketaren atarian geratu ginen; bigarren aukera baliatu behar dugu Estatuko Gobernuak Euskadi eta euskal herritarrak dendetzea lortzeko?, adierazi du Albak.

EAJ

Abiadura Handiko Trenaz mintzatu da gaur EAJ, Irunen egin duen ekitaldian. Euskadi Estatuarekin eta Europarekin lotzeko  azpiegitura baino askoz gehiago da, Joseba Agirretxea EAJren Gipuzkoako zerrendaburuaren iritzian.

Horren harira, Espainiako Gobernuari hitzartutakoa bete dezala eta tren lasterraren lanek dagokien finantziazioa izan dezatela eskatu du Agirretxeak. AHT proiektuaren aurka daudenei, berriz, zein alternatiba duten galdetu die Kongresurako zerrendaburuak.

Irungo hirian,  Iparraldeari  begira,  Frantziak  AHTren aldeko apustua egin duela esan du buruzagi jeltzaleak. Gogora ekarri duenez, Europan zehar 3.200 kilometro eraikita daude, jada.

Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarrak ?botoaren indarraz? jabetzeko eta bozkatzera joateko dei egin die herritarrei, ?herri bezala errespeta gaitzatela errealitate bilakatzeko?.

EAJk Donostiako Zuloaga plazan egin du arratsaldeko ekitaldia. Egibarrekin batera Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburua eta Joseba Agirretxea Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua izan dira.

Egibarrek Podemosi kritika eginez hasi du bere hitzaldia. ?Ontzi handi? baten tamaina hartu duela onartu du, baina ?komenientziaren araberako bandera asko? dituela salatu du.

?Autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen aldeko bandera altxatu behar duen portu batera heltzean, ez dute inolako arazorik bandera hori altxatzeko, baina, aldi berean, ez dute inolako arazorik debate batean esateko erabakitzeko eskubidea ez dela nahitaezko baldintza bat. Zehaztugabetasun horrek amaiera izango du?, azpimarratu du Egibarrek.

EH Bildu

EH Bilduk Nafarroan egin du, goizean, kanpainako ekitaldi nagusia. Estatuaren inposaketen aurrean, Madrilen "Nafarroako aldaketaren eredua" defendatu nahi duela esan du Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuak.

Ruizek salatu duenez, jada 17 dira PPren gobernuak errekurritutako Foru Gobernuaren legeak. Nafarren arazoak Kongresura heltzeko lan egingo dutela agindu du.

Marian Beitilarrangoitia EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak esan du Euskal Herriak ordezkaritza ?sendoa? behar duela Kongresuan, ?Euskal Herriko gizartearekin harreman zuzena duen ordezkaritza bat, eta ez alderdi politiko handiek Madrilen dituzten egoitzekin telefono bidez konektatuta egongo diren diputatuak?.

Donostiako Amara Berri auzoan egin du arratsaldeko ekitaldi politikoa EH Bilduk. Koalizio soberanistak Kongresuan talde indartsua izan behar duela defendatu du, ?Euskal Herri justuago bat lortzeko eta egunerokoan eragiten dizkiguten gaietan erabakiak hartzeko ahalmena bermatzeko ?.

?Rajoyk, Sanchezek, Iglesiasek eta Riverak ez dute gurera begiratzen; Estatuari hitz egiten diote, ez euskal herritarroi. Euskal gizartearentzat proposatzen dituzten soluzioak Estatuan proposatzen dituzten berberak dira, baina gure errealitatea eta arazoak ez dira Estatuko gainerako herritarren modukoak?, azaldu du Beitialarrangoitiak.

PSE-EE

PSE-EEk Getxon egin du goizeko ekitaldi nagusia. Bertan, besteak beste, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak hartu du parte. Horren hitzetan, atzoko eztabaidan Pedro Sanchez izan zen proposamenak egin zituen bakarra. Pablo Iglesiasek tolerantziarik ezaren aurpegia eta akordiorako gaitasunik eza agerian utzi zituela nabarmendu du Mendiak.

Mariano Rajoyren argazkia eta 'alde' hitza erakusten dituen popularren iragarkiari heldu dio Mendiak. Leloa "zoragarria" dela esan du buruzagi sozialistak, geroz eta jende gehiago ari delako Rajoyri "alde egin dezala" eskatzen.

Isabel Celaa Senaturako Bizkaiko zerrendakidea eta Luc Andre Diouf  sindikalista izan ditu lagun Mendiak, goizeko ekitaldian. Sozialisten botoa eskatu du Dioufek, ongizatearen gizartea berreskuratzeko.

PP

Javier Maroto PPren Arabako zerrendaburuak ere atzoko eztabaida izan du hizpide. Horren hitzetan, Mariano Rajoy besteen gainetik egon zen eta maila handiko eztabaida saioa egin zuen. Enplegua sustatzeko popularrek dituzten politikak "eraginkorrak" direla esan du Marotok.

Matricerias Vile enpresaren egoitza bisitatu du Marotok, Gasteizen. Bere hitzetan, enplegua sortzeko berme bakarra Alderdi Popularra da, bi legealditako esperientzia duelako. Nabarmendu duenez, PP Gobernura iritsi zenean, egunean 1.400 enplegu suntsitzen ziren. "Orain, aldiz, egunean 1.500 enplegu sortzen ari gara", esan du.

Iñaki Oyarzabal Senaturako PPren Arabako hautagaiak Alderdi Popularraren alde bozkatzeko eskatu die EAJren boto-emaile ?zentzudunei? eta ?moderatuei?, ?Gobernu egonkor bat osa dadin eta Podemosek Espainiaren etorkizuna baldintzatu ez dezan, beste herrialde batzuk porrotera eraman dituzten politikak ezarrita?.

Gasteizen egindako ekitaldi batean, Oyarzabalek azpimarratu du Alderdi Popularrak zuzendutako Gobernuak hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzea ahalbidetuko duela. Hori  dela eta, ?hau guztia arriskuan egon daitekeenaren arriskuaz jabetu diren abertzaleen? botoa eskatu du.

?Ekainaren 26an asko dugu jokoan, gure herria dugu jokoan. Beraz, hazkundea eta elkarrizketa babesten duten pertsona zentzudunei eta moderatuei dei egiten diegu gure demokrazian eraikitako baloreak defendatzen jarrai dezaten?, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika EAJ-PNV Hauteskunde orokorrak Espainian Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak