Hauteskunde Orokorrak -
#A20
Hauteskunde-eguneko bitxikeriak
09:01ean itxi dute Villarroyako hauteslekua, herritar guztiek botoa eman ondoren. Urkulluren izena asmatu ezinda ibili da, bestalde, lehendakariak botoa eman duen hauteskunde-mahaiko presidentea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Normaltasuna da hauteskunde egun honetako protagonista nagusia, eta 09:00etan hauteslekuak zabaldu direnetik ez da aparteko gertakaririk izan. Ohiko adierazpen politikoez aparte, bitxikeria bakan batzuek eman dute zeresanik, tartean Iñigo Urkullu lehendakariari gertatu zaionak.
Behargintza zentroan eman du botoa, ohi bezala, lehendakariak, eta boza ematera joan denean, mahaiko presidentea Urkulluren izena asmatu ezinda ibili da; Iñaki deitu dio aurrena, eta Ignacio ondoren. Bi aldiz zuzendu behar izan dio Jaurlaritzako buruak.
Badajozen, bestalde, hautesleku bateko mahaiko eleduna azaldu azaldu da zegokion lekura, baina eleduna zela ziurtatzeko agiria ez du eraman, "alabak atzo jan egin zuelako". Hori esan du, azalpen gehiago eman gabe. Azkenean, Hauteskunde Batzordeak bidali duen ziutagiri bati esker ari da bere lana betetzen.
Badajozen bertan, 17 urteko mutil bat bozkatzera joan da, abenduaren 29an beteko dituen arren 18 urte. Ezin izan du botoa eman, noski.
Eivissan, berriz, Rey de Sant Antoni herriko hautesleku batean botoa ematera joan diren lehen hiru herritarrei egokitu zaie mahaiko kide izatea, aurretik izendatuta zeudenak ez direlako agertu.
Lanak azkar bukatu dituzte, bestalde, Errioxako Villarroya herrian. 09:01ean itxi dute bertako hauteslekua, herritar guztiek (sei lagun) botoa eman ondoren.