Europakoak 2024 -

EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

Sei ordezkarik eramango dute Euskal Herriaren ahotsa Europako Parlamentura

Idoia Mendia (PSE-PSOE), Oihane Agirregoitia (EAJ-CEUS), Pernando Barrena (EH Bildu-Orain Errepublikak), Elena Sancho (PSN-PSOE), Javier Zarzalejos (PP) eta Antonio Lopez Isturiz (PP) izango dira gaurko bozen ondoren Europako Parlamentuan eserlekua izango duten euskal herritarrak.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriaren ahotsa Europako Parlamentuan ordezkatzeko ardura sei eurodiputatuk izango dute 2024-2029 legealdian, ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan eserlekua eskuratu eta gero. Idoia Mendia (PSE-PSOE), Oihane Agirregoitia (EAJ-CEUS), Pernando Barrena (EH Bildu-Orain Errepublikak), Elena Sancho (PSN-PSOE), Javier Zarzalejos (PP) eta Antonio Lopez Isturiz (PP) dira eurodiputatu gisa arituko diren euskal ordezkariak. Barrena, Zarzalejos eta Lopez lehendik ere han aritutakoak dira; beste hirurak, berriz, lehen aldiz joango dira Euroganberara.

EH Bildu

Pernando Barrena Arza (Berriozar, 1965) EH Bilduk, ERCk, BNGk eta Ara Mesek osatzen duten Orain Errepublikak koalizioko bigarrena da. Europako Parlamentuko diputatua izan da azken legegintzaldian The Left edo Europako Ezker Unitarioa talde parlamentarioan, 2019tik 2022ra; legegintzaldiaren erdian, BNGk hartu zuen eserlekua, agintaldia erdibana egiteko koalizio itunei erantzunez. Ezker abertzaleko militante eta buruzagi gisa ibilbide luzea du, Nafarroako Palamentuko kide izan zen eta gaur egun EH Bilduko Mahai Politikoko kide da. Politikari ez ezik, itzultzailea ere bada.  

PSE-EE

Idoia Mendia Cueva (Bilbo, 1965) sozialista eurodiputatua izango da datorren legegintzaldian, eserlekua lortu baitu ekainaren 9ko hauteskundeetan. Zuzenbidea eta Nazioarteko eta Europako Harremanak ikasi zituen, eta 2002tik ibilbide luzea egin du euskal politikagintzan. Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia sailburu izan zen Patxi Lopezen legegintzaldian; 2014tik 2021era, PSE-EEko idazkari nagusi izan zen, eta 2020tik 2024ra, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua izan da.

PSN

Elena Sancho Murillo  (Ribaforada, 1989) 19. postuan aurkeztu da PSOEren Europako Parlamenturako zerrendan, eta lortu du eserlekua. Ribaforadako zinegotzi eta PSN-PSOEko Lurralde Batzordeko kide da. Aurretik, Nafarroako Gazte Sozialisten Berdintasunerako idazkariorde nagusia izana da. Telekomunikazioetako Ingeniaritza Teknikoan diplomatua, egun, erosketa eta logistika arduraduna da MAGMA enpresan.

EAJ

Oihane Agirregoitia Martinez (Bilbo, 1980) da EAJren Europarako apustua, eta bera da, halaber, EAJk Geroa Bairekin eta Coalicion Canariarekin batera osatzen duen CEUS koalizioaren zerrendaburua. Elektronika Industrialeko eta Antolakuntzako ingeniari teknikoa ikasketaz, 2011n egin zuen politikara jauzi; zinegotzi izan zen hiru agintalditan Bilboko Udalean, eta Gobernu Onaren, Herritarren Arretaren eta Zerbitzu Digitalen zuzendari nagusi izan da 2023tik Bizkaiko Foru Aldundian.

15 urtez Europan alderdi jeltzalearen ahotsa izan den Izaskun Bilbaoren lekukoa hartuko du Agirregoitiak Europako Parlamentuan.

PP

Javier Zazalejos Nieto (Bilbo, 1960) Alderdi Popularrak Europako bozetara aurkeztu duen zerrendan seigarren tokian aurkeztu da. Gaztetatik ekin zion militantziari, eta gero Alderdi Popularra eratuko zuen Koalizio Popularraren idazkari nagusi izatera iritsi zen. 1996an, Espainiako Gonbernuko Presidentziako idazkari nagusi izendatu zuen Jose Maria Aznarrek, eta bi legealdiz bete zuen postu hori. 2012an, FAES Fundazioako idazkari nagusi izendatu zuten, eta 2017an, erakunde bereko zuzendari. Europarlamentari izan da azken legealdian, 2019tik.

PP

Antonio Lopez Isturiz (Iruñea, 1970) Alderdi Popularraren Batzorde Exekutiboko kidea da. Oso gazterik Madrilera joan zen ikastera, eta han hasi zuen bere ibilbide politikoa, beti PPrekin lotuta. Eurodiputatua izan da 2004tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Gipuzkoa Alderdi Popularra Europar Batasuna Albisteak Nafarroako Alderdi Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Europako herrialdei buruzko albisteak Europako Parlamenturako Hauteskundeak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Araba Hautagaiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hauteskundeak gaur Europarlamentuari buruzko azken albisteak