Albisteak -
Elkarrizketa
Iturgaiz: 'Eurodiputatuen lana ez da behar bezala baloratzen'
Alderdi Popularreko kideak eurodiputatuen lana goratu du. Bere iritzian, 'eurodiputatuen lanari eta ahaleginari esker, Espainiak emaitzak eta onurak jaso ditu' azken urteotan.
Idoia Alberdi | EITB.COM
Carlos Iturgaiz (Santurtzi, 1965) 2004tik Europako Parlamentuko diputatua da Alderdi Popularretik. Demokrata-Kristauen Europako Alderdi Popularraren taldeko kidea da eta Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeko presidenteordea ere bada. Maiatzaren 25eko hauteskundeetan hirugarren aldiz aurkeztuko da; 17. lekuan aurkeztuko da PPren zerrendan. Bere azken urteotako ibilbideaz eta Europari begirako erronkei buruz hitz egin du eitb.com-ekin.
Herritarrek urrun sentitzen dute Europa. Zer esango zenioke maiatzaren 25ean bozkatzeko zalantza duenari?
Europako erakundetan hartzen diren erabaki gehienek gure herrialdeko hiritar guztiengan eragin zuzena dutela jakin behar dugu. Europaz paso egiten duela dioen herritarrak jakin beza, Europak ez duela herritar horretaz paso egingo. Gainera, maiatzaren 25eko hauteskundeetan Europa askatasunaren eta eskubideen eremua izaten jarraitzea dago jokoan. Izan ere, azken inkestek ohartarazten dutenez, eskuineko zein ezkerreko muturreko taldeak edota euro-eszeptikoen taldeak geroz eta gehiago dira. Horien helburu bakarra Europako Batasunaren oinarriak suntsitzea da.
Krisi ekonomikoa ondo kudeatzen ari al da Europa?
Krisiaren hasierako kolpearen ondoren, Europako erakundeetako eta herrialde guztietako agintariak noraezean ibili ziren, baina, orain, Euroa salbatzeko hartu beharreko neurriak ezarrita , Europako Banku Zentrala indartzeko erabakiak hartuta, Europako Batasuneko hainbat herrialde erreskatatuta … argia ikus dezakegu tunelaren amaieran. Adibiderako, Espainiaren kasua: hartu diren neurriei esker krisiari aurre egiten hasi gara, enplegua sortzen ari da eta ekonomia egonkortzen. Europako agintari gorenek eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Espainiako Gobernuaren lana txalotu dute, ekonomia egonkortzeko eta suspertzeko hartutako neurriek izan duten arrakastagatik.
Euskadik ze erronka ditu Europan?
Espainiak dituen erronka berberak. Hau da, krisi ekonomikotik ateratzea, lan-merkatua berpiztea, gure sektoreen interesak babestea eta Europako gainerako herrialdeekin harremanak sendotzea, horiek dira gure erronkak.
Datozen Legealdian Estatu berriak ikusiko al ditugu Europan?
Ez, alde bakarrekorik ez. Europako agintari nagusiek esan dutenez, Europako Batasuneko kide den Estatu batetik, alde bakarreko borondatez, lurralde bat aterako balitz, automatikoki Europako Batasunetik kanpo geratuko litzateke. Hau da, Eurotik kanpo eta Europako diru-laguntzarik gabe, besteak beste.
Bakegintza eta Normalizazio prozesuari dagokionez, zer egin behar du Europak? Ze mailako aktore izan beharko litzateke?
Gaur egun egiten ari den lana egokia dela uste dut. Zuzena eta eraginkorra, indarkeria gaitzetsiz: ETA talde terroristari desagertzeko, erabateko desarmea burutzeko eta armak entregatzeko eskatzen dio Europak, eta, goitik behera babesten du Espainia terrorismoaren kontra egiten ari den lana.
Bigarren legealdia bukatzear duzunean, egin gabe ezer geratu al zaizu?
Europako Batasunean dauden talde terroristen erabateko desagertzea ikusi nahi nuke, eta ETAri buruz ari naiz. ETA da, gaur egun, Europako Batasunaren minbizi Nagusia, indarrean dagoen talde terrorista bakarra baita EBren barruan.
Europarlamentarioak 'ondo, lan gutxi eginez' bizi direla uste duenik bada gaur egun. Erakutsi iezaguzu zure agenda; zein da zure eguneroko lana?
Eurodiputatuek egiten dugun lana ez da behar bezala baloratzen. Gure eguneroko lana, etxetik milaka kilometrotara, goizeko 08:00etan hasten da eta iluntzeko 20:00etan amaitu. Kritikatzen gaituztenei ahaztu egiten zaizkie eurodiputatuen lanari esker Espainiak lortu dituen onurak eta emaitzak.