EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Balizko itunak
EAJk eta PSEk gehiengo osoa dute eta elkarrekin gobernatu ahalko dute berriz
Hiruko gobernu ezkertiarrak ere gehiengo osoa izango luke, baina gobernu alternatiba honek aukera gutxi du aurrera egiteko, sozialistek guztiz errefusatu dutelako.
eitb.eus
EAJk eta PSEk elkarrekin gobernatu ahalko dute berriz, akordioa lortuz gero, EAEko hauteskundeetan eskuratutako emaitzekin gehiengo osoa osatuko bailute.
Hain zuzen ere, jeltzaleek eta sozialistek 41 eserleku eskuratu dituzte (EAJk 31 eta PSEk 10), eta gehiengo osoa eskuratzeko 38 behar dira.
Elkarrekin Podemos-IU koalizioak hauteskunde kanpainan aldarrikatu duen hiruko gobernu ezkertiarrak (EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk osatuko lukete) ere gehiengo osoa izango luke, 38 ordezkari batuta, baina gobernu alternatiba horrek aukera gutxi du aurrera egiteko, sozialistek guztiz errefusatu dutelako.
EAJk eta EH Bilduk, Eusko Legebiltzarreko bi alderdi nagusiek, ere gehiengo osoa osatuko lukete, 75 eserlekuetako 53 baitituzte, baina ia ezinezkoa dirudi bi alderdiok elkarrekin gobernua osatzea.