EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskunde-kanpaina
Gorrotxategik hautetsontziak botoz betetzeko deitu du, ezkerreko Gobernua lortzeko
Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiaren hitzetan, soilik bere koalizioak egin dezake "EH Bildu eta PSE-EE konfort-zonatik irten daitezela".
Agentziak | Erredakzioa
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiak euskal herritarrei eskatu die igandean bere koaliziorako boto ugariz betetzeko hautetsontziak, "ezkerreko Gobernua lortzeko, gehiengo ezkertiarra duen herrialde honetan". Haren hitzetan, soilik Elkarrekin Podemos-IUk du ahalmena hori gerta dadin; EH Bildu eta PSE-EE konfort-zonatik irten daitezen, garai historikoaz ardura daitezen, eta aldaketa Euskadira ekar dezaten”.
Koalizio progresistak Bilbon itxi du hauteskunde-kanpaina, Errekalde plazan, ekitaldi politiko bat eginez. Pilar Garrido Podemos Euskadiko autonomia-koordinatzailea, Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusia, Unidas Podemoseko diputatu Roberto Uriarte eta Juan Carlos Monedero Podemoseko sortzailea ere izan dira bertan, Gorrotxategirekin batera.
Azken ekitaldi honetan, Gorrotxategik berretsi du ezkerreko Gobernuaren aldeko bere apustua: "Proiektu politikoa da, oraingo garaietarako eta etorkizunerako ere; izan ere, horrek bermatuko luke kalitatezko zerbitzu publikoak izatea, zaintzak erdigunean kokatzea, bizitzeko moduko planeta izatea, eta lan-baldintzak duinak izatea".
"Batzuek barregarri utzi nahi izan dute, eta adierazi nahi izan dute zaharkitua eta anakronikoa dela, baina ez da egia", nabarmendu du; nolanahai ere, proiektu hori egia bilakatzeko, "PSE-EE eta EH Bildu mugitu behar dira".
Testuinguru horretan, PSE-EEri aurpegiratu dio "EAJren nazionalismoa geldiarazten" saiatzen dela, baina, halaber, "haren politika neoliberalak baimendu egiten dituela"; EH Bilduri, aldiz, egotzi dio nazioalismoa bultzatu egiten duela, baina, horren trukean, "herrialde honetarako ezkerreko edozein proiektu alde batera" uzten duela. Elkarrekin Podemos-IUk eskatu die bi alderdiei jarrera horiek bazter ditzatela.
Jaurlaritza ezkertiarra, "erabat"
Pilar Garridok ziurtatu duenez, euskal gizartearen nahia da Jaurlaritza ezkerrekoa izatea, "ehuneko ehunean". Ohartarazi duenez, EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernu batek ez luke aldaketarik ekarriko: "Orain arteko bidetik joatearen aldeko apustua da hori, neurriak errepikatzearen aldekoa, benetakoa ez den euskal oasiaren aldekoa".
Juan Carlos Monederok, bere aldetik, eskatu du ideia jakin bat baztertzeko; alegia, "EAJ dela iparreko hesiaren zaindaria". Haren hitzetan, jeltzaleak "enpresa handien ordezkaritza politikoa" dira, eta "herriaz ahazten dira". Esan duenez, "ez dira Voxeko edo PPko eskuina bezain basatiak, baina eskuina dira".