EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U12

125.000 pertsonak baino gehiagok eskatu dute posta bidezko botoa, erroldaren % 7,3k

Lurraldez lurralde, Araban posta bidezko 16.114 boto erregistratu dira, Bizkaian 77.067 eta Gipuzkoan 32.074. 2016ko hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko 52.365 eskaera izan ziren.

Correoseko bulego bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Correoseko bulego bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Correoseko bulego bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 19tik uztailaren 2ra bitartean, guztira 125.255 pertsonak egin dute Eusko Legebiltzarrerako uztailaren 12ko hauteskundeetan botoa posta bidez emateko eskaera. Kopuru hori Euskadiko hautesle-erroldaren % 7,3 da, deialdi honetan 1.718.323 baitira botoa ematera deitutako hautesleak.

Botoa posta bidez emateko eskaera egin dutenek burutu egin behar dute prozedura, hilaren 12an ezingo baitute botoa aurrez aurre eman. Ostiralean, uztailaren 10ean, 14:00etan, amaitzen da boto-papera posta-bulegoan eman edo dagokion hauteskunde-mahaiari doako posta ziurtatu bidez bidaltzeko epea.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Eugenio Artetxe Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak uztailaren 12an, igandean, egingo diren hauteskundeetan botoa posta bidez emateko egin diren eskaerei buruzko datuak eta prozesuari buruzko xehetasunak eman dituzte ostiral honetan.

Posta bidez bozkatzeko eskaera egiteko epea amaitu da, eta, azken datuen faltan, guztira 125.255 eskaera aurkeztu dira, Euskadiko hautesle-erroldaren % 7,3; beraz, gora egin du, 2016ko hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko 52.365 eskaera egin baitziren. Hau da, aurreko hauteskundeetan posta bidezko botoa eskatu zuen pertsona bakoitzeko, bi pertsonak baino gehiagok egin dute botoa posta bidez emateko eskaria hauteskunde hauetarako.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, Araban posta bidezko 16.114 boto erregistratu dira, Bizkaian 77.067 eta Gipuzkoan 32.074.

Kontuan izan behar da hautesleek posta bidez bozkatzeko prozesua hasten dutenean, burutu egin behar dutela; izan ere, eskaria egindakoan ezingo dute botoa aurrez aurre eman hauteskunde-mahaian.

45 hautesleku gehiago

Prentsaurrekoan, Segurtasun sailburuak jakitera eman du uztailaren 12an Euskadin zenbat hautesleku egongo diren guztira, osasun-gomendioak kontuan hartzeko eta distantziak gorde eta aforoak kontrolatu ahal izateko udalek egokitu ondoren.

Horren esanetan, uztailaren 12ko hauteskundeetan 764 hautesleku egongo dira, 2016ko hauteskundeetan baino 45 gehiago: Araban 105, Bizkaian 370 eta Gipuzkoan 289. Bestalde, guztira 2.678 hauteskunde-mahai jarriko dira, 2016an baino 85 gehiago: horietatik 426 Araban jarriko dira, 1.400 Bizkaian eta 852 Gipuzkoan.

Gomendioak eta neurriak, COVID-19ari aurre egiteko

Hauteslekuetan aldaketak egin behar izan direnez, hautesleei gomendatzen zaie etxetik irten aurretik errolda-txartelean begiratzea botoa zein hautesleku, sekzio eta mahaitan eman behar duten, bai eta dokumentazioa prestatzea ere, hain zuzen ere, ahalik eta denbora gutxien egoteko hauteslekuan eta, era horretara, pertsonen arteko kontaktua eta ilarak sortzea saihesteko.

Hain zuzen, hauteslekuetako sarbideak kontrolatuko dira pertsonak pilatzea eragozteko, eta seinaleen bidez zuzenduko dira trafikoa eta pertsonen joan-etorriak. Bestalde, botoa ematera joango diren herritarrei gogorarazi diete pertsonen arteko tarteak errespetatu behar dituztela, eskuak garbitu behar dituztela eta maskara jantzi behar dutela.

Hauteslekuak behar bezala prestatuta egongo direla bermatzeko, Segurtasun Sailak osasuna babesteko 2.678 kit banatuko ditu udalen artean, hauteskunde-mahai bakoitzeko bat. Hauteskunde-egunerako maskara higienikoak eta gel hidroalkoholikoa, boto-zenbaketarako FFP2 maskarak eta eskularruak, eta erabilitako osasun-materialak biltzeko zabor-poltsak izango dira horietan.

Era berean, Segurtasun Sailak udalei hautesleku bakoitzerako emango dizkien beste 764 kitetan hauek egongo dira: gel hidroalkoholikoa hauteslekuaren sarreran eta irteeran jartzeko, maskarak etxean ahaztu zaienentzat eta osasun-materiala biltzeko zabor-poltsak.

Bestalde, hauteskunde autonomiko batzuetan lehenengo aldiz, Bizkaian bi pertsonak eskatu diote Segurtasun Sailari zeinu-mintzairaren interprete bat, hauteskunde-mahai bateko kide eta ordezko izendatu dituztelako. Halaber, beste bost pertsonak Braille sistema eskatu dute botoa emateko (4k Bizkaian eta 1ek Gipuzkoan).

Azkenik, Segurtasun Sailak, Gurutze Gorriarekin eta DYArekin lankidetzan, gaixo dauden, ezinduta dauden edo mugikortasun mugatua duten eta botoa emateko eskubidea erabili nahi duten pertsonak garraiatzeko doako zerbitzua jarriko du uztailaren 12ko hauteskunde-egunerako. Zerbitzua bi laguntza-erakunde horietako langileek emango dute, eta interesa duten pertsonek uztailaren 10a baino lehen deitu behar dute honako telefono-zenbakietara: Gurutze Gorria: 945 22 22 22 (Gurutze Gorria) eta 943 46 46 22 (DYA)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Gizartea Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak Posta zerbitzuaren azken ordukoa