EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Hauteskunde-kanpaina

Voxek Sestaon egin duen ekitaldia istiluekin amaitu da

Eskuin muturraren kontra protesta egin duten ehunka manifestarien aurka oldartu da Ertzaintza. Liskarrak izan dira eta Voxeko diputatu bati zauria egin diote bekainean.

Istiluak izan dira Sestaon, Voxek egin duen ekitaldian. Argazkia: EFE
Istiluak izan dira Sestaon, Voxek egin duen ekitaldian.
Istiluak eta diputatu bat zaurituta Voxek Sestaon egindako mitin batean

0:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Abascal Voxeko buruzagia Sestaon izan da arratsaldean eta hauteskunde-kanpainako ekitaldia istiluekin amaitu da. Talde antifaxistek deituta, ehunka herritar bildu dira San Pedro plazan, eskuin muturreko alderdiaren aurka protesta egiteko. Ertzaintza oldartu egin zaie eta zenbait manifestarik harriak eta botilak jaurti dituzte.

Rocio de Meer Voxeko diputatuak harrikada bat jaso du eta bekainean zauria egin diote.

Gertakariak 20:00ak inguruan jazo dira. Ordurako Abascal eta beste hainbat ultraeskuindar San Pedro plazan zeuden. Ertzaintzak segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu. Plazaren inguruan ehunka herritar bildu dira, presoen, errefuxiatuen edota borroka feministaren aldeko ikurrekin. Voxen aurkako oihuak egin dituzte eta bizilagun asko leihoetara eta balkoietara atera dira lapikoekin protesta zaratatsua egiteko.   

Ertzainek plaza inguratu dute eta manifestariei handik joateko eskatu die. Une horretan hasi dira istiluak eta Ertzaintzak kargatu egin du. Liskarretan Rocio de Meer Voxeko diputatuak harrikada bat jaso du eta bekainean zauria egin diote.

Ordubete eta erdi geroago, Santiago Abascal eta bere alderdiko gainerako kideak Ertzaintzaren babespean eta oinez joan dira plazatik, herritarren protesta artean.

Iñigo Urkulluk EAJren lehendakarigaiak mezua idatzi du sare sozialetan Voxeko diputatuak jasan duen erasoa gaitzesteko: "Edozein alderdi politikoren ekitaldien kontrako erasoak eta ezberdin pentsatzen duten pertsona eta alderdien kontrako jazarpenak ez dira zilegi ezer exijitzeko, ezta ezer aldarrikatzeko ere".

Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko lehendakarigaiak ere gaitzetsi du gertakaria eta bere elkartasuna eta babesa helarazi dizkio Voxeko ordezkariari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sestao Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Hauteskundeak Vox Santiago Abascal Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak Ultraeskuina